Lesbianen ikusgarritasunaren eguna

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko api. 26a, 08:11

Udalak adierazpena kaleratu du Lesbianen Ikusgarritasunaren Egunean, lesbianek gizartean duten ikusgarritasun urria salatu eta kolektibo honen eskubide berdintasuna aldarrikatzeko.

“Emakume lesbianen ikusgarritasunaren alde" 

Apirilaren 26an Lesbianen Ikusgarritasunaren Eguna ospatzen da, 2008az geroztik. Egun honetan kolektibo honek espazio publikoan duen ikusgaitasun eza jarri nahi da agerian, bai eta beren sexu joerengatik pairatzen duten diskriminazioa salatu ere. Egun munduko 70 herrialdetan baino gehiagotan lesbiana izatea delitu da eta, sarri, heriotzarekin ordaintzen da.

Azken aldian hainbat aurrerapen izan bada ere, asko dira oraindik lesbianen askatasuna, ikusgarritasuna eta eskubideen bermea oztopatzen duten arrazoiak eta behar beharrezkoa da horiei konponbidea ematea:

Lesbianen eskubideak babestuko dituen legedia onartuz.

Osasun sistema publikoan pertsona guztiei, sexu joera gora-behera, laguntza bidezko ugalketa ahalbidetuz.

Hezkuntza sistetaman balioetan eta sexu aniztasunarenganako errespetuan oinarritutako hezkuntza-eredua bultzatuz, LGTB nerabeen eta familien aurkako jazarpenari aurre egiteko programak aurrera eramanez, profesionalak gaituz eta beharrezko material didaktikoak sortuz.

Herri administrazioko langileak sentsibilizatu eta gaituz.

Soraluzeko Udalak argi adierazi nahi du hau ez dela emakume lesbianen borroka bakarrik, gizarte osoarena baizik, berdintasunean eta askatasunean irmoki sinisten duen gizarte oso baten borroka.

Udalok, administrazio publikoa garen neurrian, ahalegin berezia egin behar dugu balioetan oinarritutako hezkuntza-eredua garatzen, gizartean dauden aurreiritzien aurka borrokatuz eta pertsona guztien duintasunaren eta askatasunaren alde lan eginez.