Arma fabrikaren 450. urteurrena

Armagintzaren goraldia: suzko armak (3/6)

Arkabuza (1520).

XV. Mendearen bukaera aldera hasi ziren Debarroan suzko armak ekoizten, baina XVI. mende hasieran, arkabuza asmatu ondotik,  handitu zen eskaera izugarri. Orduko soraluzetarrek olatu hori hartzen jakin zuten eta lau mende geroago torlojugintzarekin gertatuko zen moduan, garai hartan ere herri osoak arkabuzak egiteari ekin zion, ziren eta ez ziren errota guztietan barrenak ezarriz.

Lehen suzko armak kainoiak izan ziren baina aurki agertu ziren gerrarako eraginkorragoak zirenak: eskuzko kainoiak. Eskuzko kainoiak garatuz joan ziren, espingardak asmatzeraino (suzko arma luzeak).

Suzko armak zorrotzak baino produktu hobeak ziren. Pieza askotako mekanismo konplexuagoak zituztenez, zailagoak ziren egiteko (eta kopiatzeko), eta ondorioz, ematen zituzten etekinak ere handiagoak ziren.

Horretaz konturatuta, Debarroan ere aurki hasi ziren suzko armak egiten. 1512.ean, Eibarren bi kainoi egin zituzten eta 100 idi pare erabili zituzten Debara eroateko. Urte hartan bertan, 1900 espingarda egiteko eskaera jaso zuten Eibarren.

Espingardaren ostean, hilgarriagoak ziren arkabuza eta mosketea asmatu zituzten eta suzko armen negozioa are oparoagoa bihurtu zen.

Soraluzeko armaginek ekoizpen prozesuaren barruko operaziorik zailena menperatzea lortu zutenean (kainoien tutuak barrenatzea), gainerako ekoizpenak alde batera laga eta suzko armak ekoizteari ekin zioten buru belarri: aurretik zeuden igera edo errotak armagintzara bideratu zituzten, errota zaharrak berreraiki eta berriak eraiki. XVI. mendearen lehen urteetan, lantegi berri asko sortu ziren, eta lehendik zeudenak produktu berria ekoizteari ekin zioten. Zoramena izan zen.

Arkabuza gerrarako arma izanik, bezero nagusia Gaztelako erregea edo administrazioa zen, baina beste administrazioei (Portugal, Aragoi…) eta partikularrei ere saltzen zizkieten armak. 1537. Urtean Gaztelako erregeak “bulego komertziala” ezarri zuen Soraluzen, herrian bertan eta inguruetan armak erosteko. Bertatik bideratzen zizkien eskaerak armagileei, aztertzen ekoitzitako armen kalitatea, antolatzen bidalketak eta azkenik, ordaintzen!

Premiak handiak zirenez, eta Soraluzeko armen kalitatea oso altua, eskaerak ugaritu egin ziren eta horrek aberastasuna ekarri zuen herrira. Ondorioz, garai hartan, Soraluze asko hazi zen. Horren erakusgarri da ondorengo datua: 1512an, udalak orubeak banatu zituen herritarren artean, haietan etxeak altxa zitzaten.