Hego haizea bueltan asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2016ko urr. 20a, 19:57

Eguraldi nahiko ona izango dugu asteburuan. Barixakuan eguraldi fresko eta eguzkitsuak jarraituko du eta zapatu eta domekan hego haizeak giroa epeldu eta hodeiak ekarriko dizkigu. Tantaren bat edo beste bota lezake azken bi egun hauetan, baina euri kontu handirik ez orokorrean.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Eguna hotzetik hasiko da, behe lainoarekin akaso. Goizak aurrera egin ahala lainoa desegin eta egun eguzkitsua izango dugu. Haizea noraezean ibiliko da eta tenperatura 4-14ºC bitartean.

Zapatua: Hego haizea ordu txikitan sartu eta tenperaturan gorakada goizetik igarriko dugu. Zerua erdi eta goi mailako hodeiek apainduko dute, eguzkiari ere tarteka muturra sartzea utziz hala ere. Noizean behineko tanta bat ezin da guztiz baztertu, baina orokorrean ateri eutsiko dio. Hego haizea, tarteka bolada biziekin eta tenperatura 7-19ºC artean.

Domeka: Aurreko egunaren antzekoa izango da, tenperatura akaso graduren bat altuagoarekin.

Britainia Handian zentraturiko antizikloiak frantziparra bidali digu azken egunotan, giroa freskatuz eta zerua dezente garbituz. Hala ere, asteburuan Iberiar Penintsula mendebaldera depresio nahiko sakon bat helduko da, penintsulara fronteak bidaliko dizkigularik. Hala ere, gurera hego haizearekin helduko direnez, ez dute apenas euririk utziko, asteburuan dagokionez behintzat.

Datorren asterako eboluzioa

Portugalen pare-parean geldikor egongo den depresioak fronte bat bestearen atzetik bidaliko digun arren, gurean astelehean soilik ganorazko ezer botatzea espero da, martitzenean ere zaparradaren bat bota balezake ere. Eguaztenetik aurrera Kantauri itsasora antizikloi sendo bat gerturatuko da, bidean ipar haize ahula eta zirimiri apur bat ekarriz. Aste bukaera begira haizeak ekialdera egin eta zeruak oskarbitzera egin lezake, baina asko falta da oraindik.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.