Plazentziatarrek Kokori mendia argiztatuko dute Pirinioetako Bidea ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia gureeskudago 2022ko mai. 31a, 10:30
Kokori mendia, Etxalarren (Bortziriak, Nafarroa).

Uztailaren 2an, Gure Eskuk kataluniako ANC, Omnium Cultural, FEEC eta Artistes de la República erakudeekin batera bultzatutako Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca ekimenak 300 gailurretik gora argiztatu nahi ditu Pirinio osoan autodeterminazio eskubidearen alde. Plazentziatarrei egokitu zaien mendia Nafarroako Kokori (773 m) da eta Bortzirietako Etxalar herrian dago. 

Ekimenean izena emateko epea zabalik dago izenaeman.gureesku.eus helbidean eta bariku arratsaldero 19:00etatik 21:00etara kalean ipiniko duten mahaian (5 euro federatuentzat eta 10 euro ez federatuentzat). Gainera, Soraluzeko Gure Eskuk autobusa antolatu du joan-etorria egiteko; arratsaldeko 18:00etan aterako da Estaziñoko geltokitik eta 02:00etarako bueltatuko da Soraluzera.  

Soraluzeko Gure Eskuk dei egin die erabakitzeko eskubidearen alde dauden plazentziatar guztiei ekimenean parte har dezaten eta jakinarazi du mendira joan ezin duten herritarrek, aukera izango dutela mendiak argiztatuko diren ordu berean (22:00ak aldera), herriko Zubi Nagusian egingo duten ekitaldi osagarrian parte hartzeko.   

Euskal herritarrek 115 gailur

Euskal herritarrek 115 gailur argiztatuko dituzte, Jaizkibeletik Benasqueraino. Gailur ‘berdeak’ jende gehienarentzat irisgarriak dira eta izen emate irekia dute. Horietako bat da Bortzirietako Kokori mendia. Gailur ‘gorriak’, berriz, mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak eta izen emate mugatua dute.