Ene uste makalean: Montoia

Erabiltzailearen aurpegia gaztelupe 2015ko urt. 15a, 10:21

IMG 20150113 205354988

Azken atxiloketen elkarretaratze eta manifaren ostean hasi zen Ene uste makalean solasaldia martitzenean. Dozena bat lagun batu ginen Gaztelupeko goiko solairuan, tantaka-tantaka heldu zirenak gehienak; Eibartik, Berriztik eta Elgetatik etorritakoak batzuk, baita Plazentziakoak ere, Montoiarekin jarritako hitzordura. 

IMG 20150113 214041509

Montoia berba egiteko eta besteok entzuteko eta parte hartzeko gogoarekin elkartu ginen. Gaztetako lehen akordeetatik hasi zuen tertulia, Montoiak inoiz ez baitu hitzaldirik eman bere bizitzan. Musika taldea osatzerakoan euskara ikasteko premia eta hautua zelan egin zuen azaldu zigun, euskara tresna bat gehiago izan zuen Montoiak, gitarra bat letxe, taldea osatzeko. Euskara lotuta zegoen punk jarrerarekin gabi du. Oso argi zuen musikazaleak zer egin gura zuen eta zein izen izango zuen taldeak. Jakin genuen Hertzainak izena gaur ezagutzen dugun Ertzaintza sortu aurrekoa dela edo zein izan zen talde horren ibilbidea Montoiak berak M-ak taldea sortu bitartean. Gaurtik begiratuta poztu egiten da Gasteizetik Donostiara joan eta hango lagunekin M-ak izango zenaren lehen grabazioak estudiante pisuan egin izanagatik. Interesgarriagoa euskal filologiako hiru urteak baino bere esanetan.Anfetamina aipatu genuen gero, eta hango poema solteak argitaratzeko bultzada Josu Landak eman ziola gogorarazi zuen. Izan ere, idatzi, beti idatzi du Montoiak, argitaratzean pentsatu gabe. Josu Landa, Mikel Antza, Kaki Arkarazo... Susa aldizkariaren garaiak, gaur eguneko Montoiaren ibilbide musikal eta literarioa, bere "tenpoak", beste idazle batzuen jarduna, bera ez dela idazleen jarraitzaile baizik eta liburu solte batzuk dituela gogoko... gogoratu zuen penaz zenbat liburu on geratu diren ezagun egin ez direnak.

Montoia

Idazteko metodoak, idatzien formak duen garrantzia, errealismoa, nobeletan sinesgarria izateak duen garrantzia, gustuak eta eraginak, Euskadi Sariak, manifestuak, zein lan dituen eskuartean... eta horrelako gaiak aletzen joan zen giro goxoan. Galdetu ahala erantzunez, luze eta zehatz.


Mokau eta tragoxka tarteko hizketako aukerak sortu ziren batutakoen artean, tartean bere liburuen irakurleak batu ginela konturatu ginen liburuen gaineko aipamen zehatzak egin zirelako. Ohartzerako 22:00ak pasata. Denok zintzo demonio eta gustura. Montoia Errepideko norabidea aldatu aurretik zegoen etorria azkenengoz Soraluzera, baina merezi izan zuen itxoiteak. Milesker zintzotasunez eta eskuzabaltsunez etortzearren. Gitarra ere jarri genion eskura, baina hori hurrengorako. Badakigu zita jarri zuela Martinekin.

 

Gustura elkartuko gara berriz.

Gaztelupeko Billi gunean
2015eko urtarrilaren 13an, martitzena