Udal Gobernuaren Oharra; EH Bilduri erantzunez, COVID-19ko krisiaren ondorioz herritarrek pairatu behar dituzten ondorio ekonomikoei buruz hartu beharreko neurriei buruzkoa

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Soraluze 2020ko api. 5a, 09:56

Udal Gobernu Taldeak (EAJ-PNV eta PSE-EE) ondorengo  zehaztapenak egitea nahi ditu EHBilduk apirilaren 2an argitaratutako oharrari dagokionez. Ohar horretan Soraluzeko Udalari eskatzen dio neurri batzuk har ditzala koronabirusaren ondorioz Alarmako Egoerak herritarrengan izaten ari diren ondorio ekonomikoak arintzen laguntzeko:

1.- Gobernu Taldetik eskerrak eman nahi dizkiogu EHBilduri apirilaren 2an argitaratutako prentsa-oharrean egindako ekarpenengatik, komunikabideetan argitaratu eta hurrengo egunean iritsi zitzaizkigunak. Hau da, udalak (denok bait gara, baita  EHBildu ere) COVID-19 birusak sortutako krisiaren ondorioz egoera arintzeko neurri fiskalak aplikatzea aztertzen ari denean. Eskerrik asko, zuen ekarpenak kontuan izango ditugu.

2.- Aurrekoa esanda, ez zaigu egokia iruditzen, herri partaidetza behin eta berriz ahotan darabilen alderdiak, Gobernu Taldeari bere ekarpenak eta proposamenak bidaltzea, prentsan eta sare sozialetan argitaratu eta hurrengo egunean (guri apirilaren 3an bidali zizkiguten). Are gehiago, jakinda, Ogasun Batzordea dela, hartu beharreko neurriak adosteko gai horiek eztabaidatu behar diren lekua, oraindik egin ez dena. Zergaitik? Ez dagoelako prestatuta beharrezko dokumentazio ekonomiko guztia, hartu beharreko neurriak martxan jartzeko zer baliabide ditugun jakiteko aukera emango diguna.

Ulertzen dugu eta bat gatoz EH Bilduk gaur egungo egoeraren aurrean duen kezkarekin, eta are gehiago, bere bozeramaileak zalantzak izatea konfinamendu-aldi honetan udalean aurrez aurreko bilerak egitea komeni den ala ez, baina uste dugu, bere benetako borondatea gurekin adostea izan balitz, bide askotatik helaraz ziezazkigukeela (posta elektronikoa, whatsapp, eta abar), eta bilera hori aurrez aurre ez egitea ere plantea zitekeela (bideoa dei bitartez edota beste komunikazio bide batzuk erabiliz.)

Udalak, gaur egun, ez du erabakirik orain arte hartu; izan ere, gobernu-talde honek uste izan du, izan ditzakegun desberdintasunak  alde batera utzita, onena zela denok batera eta beharrezko datuak esku artean edukita  egoera honi aurre egitea. Baina, ikusten dugunez, EHBildurentzat lehentasuna ez da izan krisi honi irtenbide bateratuak bilatzea, baizik eta herritarrei beren proposamenak helaraztea, udaletxea osatzen dugun alderdiekin adostu gabe. Eta hori hauteskundeak atzeratu egin direla eta, oraingoz, ez dagoela datarik horretarako.

3.- Lehenengo puntuan esan dugun bezala, kontuan izango ditugu EH Bilduk egiten dituen ekarpenak eta planteamenduak, eta, haiek erabili duten bide berdinak erabiliz, prentsa-oharrak eta komunikatuak, eskatu nahi genieke  esan diezagutela nondik ateratzea pentsatzen duten dirua, planteatzen dituzten neurri ekonomikoak aplikatzeko. Izan ere, hori da oraindik egin ez den bilera horretan aztertu beharreko beste gai bat. Une honetan udal-mailan dauden lehentasunak aztertzea eta guztien artean adostea, ikustea zer proiektu eta/edo inbertsio ez diren premiazkoak, eta, beraz, horiek ez egitea, eta proiektu eta/edo inbertsio horien dirua erabiltzea krisi honetan Soraluzen itxi beharra izan duten  saltokiei, tabernei, jatetxeei eta abarrei laguntzeko baita egoera latz hau pairatzen duten herritarrei ere.

Aztertu beharko da, zein zergatan ordainketak atzeratu daitezkeen eta eman ez diren  zein zerbitzutan egin daitezkeen ordaindutako zenbatekoen itzulketak. Azken batean, denon artean adostea, zer neurri hartu behar diren etorkizunean guztiok argi izan dezagun, zer proiektu eta/edo inbertsio egiteari utziko diogun eta zergatik.

Bukatzeko, esan Gobernu Talde honek oso argi duela zeintzuk diren une honetan udal mailan dauden lehentasunak eta horregatik, beharrezkoak diren ahalegin guztiak egingo dituela krisi honetatik denok batera ahalik eta modurik egokienean ateratzeko. Egoerak hala eskatzen du, eta uste dugu ez dela unea banakako "dominak zintzilikatzen" saiatzeko. Soraluzek premiazko ekintza-plan bat eskatu du, eta Gobernu Taldetik gure esku dagoen guztia egingo dugu plan hori abian jartzeko.