Eta zeharka eta umorez landuko bagenu?

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2024ko ots. 28a, 10:35

Otsailaren 7an, Ametserantz hausnarketarako parte hartze prozesuaren bigarren saioa egin zen. Bertan, landu genituen gaien artean ondorengoak izan ziren: euskarak norberarengan pizten duena, elkartetik bideratzen diren egitasmoak zela egin zirraragarriago eta etorkizunerako ideak landu genituen. Saioan behin eta berriz aipatu zen umorea, zein lagungarri den euskarari buruz jarduteko, jendea ekimenetara erakartzeko zein egoera gatazkatsuak kudeatzeko. 

Euskara gaitzat hartuta, "zerk motibatzen nau ni?" galderari erantzun genion lehenik. Euskarak garai zaharrekin konektatzeko daukan gaitasunak, norbere identitatearekin eta identitate kolektiboarekin duen loturak, euskararen bueltan sortzen den saltsak, euskaraz ulertzen eta hitz egiten hasten direnek eragindako pozak, eta beste hainbat sentipen partekatu genituen.

Egitasmoak "zirragarriago" egin

Pil-pilean Euskaltzaleen elkarteak herritarren aktibazioari eta euskararen erabilerari begirako programak martxan ditu; besteak beste, "Berbalaguna" mintzapraktikarako (helduentzat, gurasoentzat zein nerabeentzat), "Bertakotze" euskaraz ondo moldatzen ez diren umeei euskarazko errefortzu ludikoa eskaintzeko, "Euskaraldia" eta "Haurren aurrean helduok heldu" egitasmoak hizkuntza jokabideetan eragiteko eta "Auzoko" egitasmoa harrera linguistikoa egin eta hizkuntza aniztasuna ezagutarazteko. Horiek "zirraragarriago" egiteko egitasmo bakoitzari egin dakizkiokeen moldaketak aipatu ziren: hiztun ekologisten kontzeptua zabaltzea, berbalagunen tinder moduko bat sortzea, gune naturalak baliatzea, ekimen gozagarriak antolatzea, ikusgarritasuna ematea, umorezko eduki digitalak sortzea eta beste hainbat.

Umorea, jai giroa eta arnasguneak

Etorkizunean egin daitekeenaz jarduterakoan, umoreak berriz lekua hartu zuen erantzunetan, sentsibilizazioa eta kontzentziazioa lantzeko lagun egokia delakoan (bideo formatuan, muraletan, ikuskizunetan...). Horrez gain, hizkuntzari buruzko errelatoa osatu eta zabaltzea, ahalduntzeko ikastaroak antolatzea eta familientzat eta gazteentzat arnasguneak sortzea (familia barnetegiak, irteerak, ekintzak...) aipatu ziren ideia interesgarri modura.

Kulturgintzari buruzko saioa gaur

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bere sorreratik bultzatu izan ditu aspaldidanik Euskal Herrian ospatzen diren errituak: Udate Gaba, jaiak, Gaztañerre, Gabonak, Euskal Aratosteak... Horiek zela indartu eta eraberritu daitezkeen landuko dugu hurrengo saioan. Horrez gain, bertaratzen diren kulturzaleak zeren gose diren ere ezagutu nahiko genuke, datozen urteetan kulturgintzan landuko duguna irudikatzen hasteko. Asteazkena, hilak 28, 18:00etatik 20:00etara Kalebarren 8ko lokalean izango da hitzordua.