ama hizkuntzaren nazioarteko eguna

Euskara eta munduko hizkuntzen dibertsitatea aldarrikatzeko eguna da gaur

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2024ko ots. 21a, 12:11

Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun izendatu zuen UNESCOk 1999an. Norbanakoaren lehen hizkuntza edo ama hizkuntza esaten zaio bizitzan lehenengo ikasten dugun hizkuntzari. 2017an, Auzoko egitasmoak Soraluzeko hainbat hizkuntzatako hiztunekin ikusentzunezkoa grabatu zuen herriko hizkuntza dibertsitateari aurpegiak eta ahotsa jartzeko. 

Gure herrian badira lehen urteetan etxean hizkuntza bakarra ikasten dutenak, baita bi edo hiru aldi berean ikasten dituztenak ere, aniztasunaren adierazgarri. Gaur egun, euskara eta gaztelania ez diren beste hemezortzi hizkuntza ama-hizkuntza dira hainbat soraluzetarrentzako.

Gero eta hizkuntza gehiago herrian

Azken 20 urtean, lehen hizkuntza euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntza bat daukatenak %1 izatetik %5 izatera pasatu dira Soraluzen (Eustat, 2001-2021). Munduan zeharreko hizkuntza asko iritsi dira herrira eta gero eta hizkuntza gehiago entzuten dira herriko kaleetan. Hortaz ohartuta, 2017an Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteko Auzoko aniztasun proiektuak “Soraluzeko hizkuntza aniztasuna” ikus-entzunezkoa osatu zuen.

Orduan egin zen datu-bilketari esker jakin genuen herrian 20 hizkuntza hitz egiten direla. “Hizkuntza bakoitza mundua ikusteko modu bat da, pertsonak harremanetan jartzeko modu berezitu bat, partekatzeko altxor eder bat” mezua zabaldu genuen orduan eta bat egiten dugu mezu horrekin gaur ere. Izan ere, munduan diren hizkuntza guztiek bizirik eta osasuntsu irauteak munduari eta norbanako bakoitzari onura dakarkio.