Izen-ematea

'Gaitu' maratoia abenduaren 3an, plazentziatarren ahotsak batzeko

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2023ko aza. 26a, 08:00
Ahotsak Gaitu.eus webgunean graba daitezke mugikorrarekin edo ordenagailuarekin.

Martxan da euskarazko milaka ahots batzeko kanpaina: Gaitu. Ekimenarekin bat eginez, abenduaren 3an, Euskararen Egunean, plazentziatarren ahotsak batzeko maratoia antolatu du Pil-pileanek. Izen-ematea zabalik dago HEMEN

“Erronka berria dugu euskaldunok: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenik irakatsi egin behar diegu”. Hain zuzen, helburu horrekintxe abiatu dute Librezalek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskararen Erakunde publikoak eta Euskaltzaleen Topaguneak Gaitu kanpaina “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, euskarazko milaka ahots batu eta adimen artifizialari euskaraz irakasteko. 

Hiru orduko maratoia 

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak bat egin du ekimenarekin eta Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Euskararen Egunean plazentziatarren ahotsak batzeko ekimena antolatu du Soraluzen: “GAITU: ahotsak batzeko maratoia”. Hala, abenduaren 3an, domekan, goizeko 11:00etan hasi eta 14:00etara bitartean, herritarren ahotsak grabatzeko gunea egokituko dute Udalaren Kalebarreneko lokalean (hiru ordenagailu ipiniko dituzte aukeran eta bakoitzak bere mugikorra ere erabili ahal izango du). Maratoia ordu erdiko txandetan banatuko dute eta parte hartzaileek aurrez aukeratu ahal izango dute txanda HEMEN.

Pil-pileanek dei egin die herriko euskaltzaleei maratoian parte hartu eta euren ahotsa grabatu dezaten. Era berean, herritarrei gogorarazi nahi die, ahotsa norbere kaxetara ere graba daitekeela Gaitu.eus webgunean, "oso erraz". 

Ostean, bazkaria 

Ahotsen maratoiaren ostean, 14:30ean, euskaltzaleak bazkaritara batuko dira elkarte gastronomiko batera (zehazteko), euskaltegiko euskara ikasleekin eta Berbalagunekin batera. Bazkarian parte hartu nahi duenak, Pil-pileanera deitu (943751304) edo idatzi behar du (601602347) abenduaren 1a baino lehen.