bideo-kronika

Umeen aurrean euskarari heltzeko aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2023ko aza. 20a, 18:00

Ondorengo bideoak urrian zehar Haurren aurrean helduok heldu egitasmoaren baitan egin ziren ekimenen irudiak jasotzen ditu. Egitasmo beraren baitan, datorren martitzenean, azaroaren 28an, Kike Amonarrizek "Si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar?" izeneko hitzaldia eskainiko du euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei zuzenduta. Bideoa: Ander Gomez.

Urriaren bukaeran, 10 egunez, umeen aurrean euskarari heltzeko aldarria zabaldu zuten Haurren aurrean helduok heldu ekimenaren baitan.

Familientzako hainbat ekintza antolatu genituen eta ekintza bakoitzean 20-50 lagunek parte hartu zuten, helduek zein umeek. Hain zuzen, ekimenak umeengandik gertu dabiltzan helduen arteko hizkuntza portaeretan eragin nahi izan du.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "belaunaldi gazteek euskara normaltasunez erabil dezaten, helduek badute zeresana eta zeregina. Helduagoen eredutik ikasten dute umeek hizkuntza bat zeinekin, non, zertarako eta noiz erabili. Erronka izango da helduen artean euskaraz dakitenek euren artean euskaraz egiten jarraitzea eta ikasten dabiltzanen bidelagun izatea".

Kike Amonarrizen hitzaldia 28an

"Si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar?" izenburupean, hitzaldia eskainiko du Kike Amonarriz soziolinguistak datorren azaroaren 28an, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak eta Soraluzeko Udalak gonbidatuta, euskaraz ez dakiten gurasoentzat bereziki.

Kike Amonarriz Soraluzeko Antzokian, 2015ean guraso euskaldunei zuzendutako hitzaldian.

Bertaratutakoek dakartzaten gaiez gain, hainbat galderari erantzungo die soziolinguista tolosarrak: Nola ikasten dituzte haurrek hizkuntzak? Nola erraztu eta indartu genezake ikasketa-prozesu hori? Gurasook zer egin beharko genuke? Nola lortu euskaraz egin dezaten? Nola aldatu hizkuntza-ohiturak? Galdera horiek erantzuten saiatuko da Kike hitzaldian.

Hitzaldia gazteleraz izango da, Kalebarren 8 lokalean (Lanbideko lokala), arratsaldeko 18:00etan hasita.