Pil-pileanen topaketak irailaren 24an

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2016ko ira. 12a, 11:07

Pil-pilean euskara elkarteak topaketak antolatu ditu irailaren 24rako. Egunean zehar, gogoeta, dantza, jan-edana, jolasak, musika eta tertulia gozoetarako tartea izango da. Ikusi egitaraua.

Euskara elkartearen jardunean parte hartzen dugun soraluzetarrok elkarrengana batu eta gozatzeko helburuarekin prestatu dugun eguna da 24koa. Elkarteak hogei urte betetzen dituen honetan, urteotan martxan ipini dituen proiektuetan parte hartzen duten herritarrak bildu nahi ditugu bertara: Kukumixoko begiraleak, Berbalagunak, Auzotarrak, guraso euskaltzaleak, komunikabideko eta kulturgintzako kolaboratzaileak, Galtxagorriak, zuzendaritzakideak, bazkideak... Soraluze euskaldunago egiteko helburuarekin elkartearen bueltan jardun duten eta diharduten herritarrak batzeko momentu ona dela uste dugu.

Eguna hasiko dugu 20. urteurreneko jaia marrazteko gogoeta saio arin batekin. Abenduaren 3an, euskararen egunean, elkartearen hogeigarren urteurreneko jaia ospatzeko egin daitekeena izango dugu berbetagai. Ostean, bakoitzak bere berezko mugimendua aurkitzeko, biodantza* saioa Mentxu Arjonillak gidatuta. Eguerdian, bazkal aurretik, jai giroko poteo laburra egingo dugu herrian zehar, Marraz lagun hartuta. Mahaian jarri aurretik Pil-pileanen talde argazkia aterako dugu zubian eta bazkaritara joango gara, Jon Basaurik prestatutako jaki goxoak jatera. Bazkal ostean mahainguruan gozatzeko kantu eta jolasak izango dira eta iluntze partean, Maialen Errotabehere kantariaren kontzertua entzuteko aukera izango dugu Gaztelupeko terrazan. Hortik aurrerako planak norberaren esku.

Egitaraua:

10:00-11:30ean urteurreneko jaia marrazteko talde dinamika antzokian.

12:00-13:30ean biodantza saioa antzokian.

13:30ean poteoa Marrazekin Zubi Nagusitik.

14:15etan talde-argazkia Zubi Nagusian.

14:30ean bazkaria elkartean eta jolasak bazkal ostean.*

19:00etan Maialaren Errotabehere kantariaren kontzertua Gaztelupeko terrazan.

*Menua: Entsalada, fritoak, gisatua eta postrea. Prezioa: 13 euro. 11 euro langabetu eta 20 urtetik beherakoendako.

Izena emateko epea irailaren 18ra arte dago zabalik: bulegora etorrita, 943 751304 telefonora deituta edo auzoko@pilpilean.com helbidera idatzita eman daiteke izena.

Animatu, egun ederra izango da eta!

Pil-pilean euskara elkartea

hogei urte euskararen saltsan

*Biodantza:

Bio: Bizitza. Dantza: Gure zentzuzko mugimendua. Jaiotzetik dakarzkigun ahalmen naturalak potentziatzeko eta garatzeko aukera ederra. Biodantzak 3 elementu jasotzen ditu: Musika: Espreski aukeratutako musika erabiltzen da,gure alde osasuntsua garatzeko. Mugimendua: Norberarentzako orain eta hemen zentzua daukan mugimendua. Taldea: Taldean praktikatzen da,bertan ematen diren harreman ezberdinek gure identitatea bizitzen laguntzen baitigute.

Sentitu,pentsatu eta egin koherentzian jartzen laguntzen digu. Proposatzen diren kontsigna batzuen bitartez bakoitza bere dantza propioan sartzen da. Ez dago koreografiarik ezta ikasi beharreko mugimendurik. Aurretik ikastitakoa desikastea eta gure berezko mugimendu aurkitzea da asmoa.