Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

2.769 soraluzetar daude deituta gaur botoa ematera

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 21a, 09:53

Gaur, domeka, intzidentzia barik eratu dira hauteskunde-mahaiak 09:00etarako, eta, soraluzetar goiztiarrenek dagoeneko eman dute botoa. 09:30etarako, 82 herritarrek emanda zuten berea. Mahaikoen esanetan, baliteke eguraldi onak zerikusiren bat izatea horretan. Dena den, hautetsontziak 20:00ak arte egongo dira zabalik. Ohi denez, eguerdi inguruan espero dira boto-emaile gehien eta gero iluntze partean, hautetsontziak itxi baino lehenxeago. 

Gaur, hauteskunde-mahaietan egotea tokatu zaien titular guztiak bertaratu dira eta beraz, ez da ordezkorik behar izan mahaik eratzeko. Behin mahaiak eratuta, hasi dira lehen botoak jasotzen. Herritar helduak eta nagusiak izan dira goiztiarrenak. Lehen ordu erdirako boto mordoxka jaso dituzte eta  ilaratxoak ere sortu dira errolda handiena duen hauteskunde-mahaian, nahiz eta  herritarrek ez duten luze itxaron beharrik izan.

Ohi denez, eguerdi partean espero dira boto-emaile gehien, 12:00etatik 14:30ak bitarte horretan. Orduantxe emango ditu Plaentxia.eus atariak lehen parte hartze datuak. Guztira, gaur 2.769 soraluzetar dira botoa emateko eskubidea dutenak.