Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024

Legebiltzarrerako hauteskundeen jarraipen berezia Plaentxia.eus-en

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 20a, 11:03

Bihar, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egingo dira eta Plaentxia.eus-ek jarraipen berezia egingo die egun osoan zehar eta iluntzean, boto kontaketa amaitu orduko, herriko emaitzen berri emango du bozkalekutik bertatik. Horrez gain, Debabarreneko emaitzak eta historikoak kontsultatzeko aukera izango da webguneko HAUTESKUNDE GUNEAn.   

Bihar, domeka, goizeko 09:00etan zabalduko dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako hauteskunde-mahaiak. Soraluzeren kasuan, ohikoa den moduan, kiroldegiko kultur-gunean jarriko dituzte mahaiak, bost guztira, eta hauteslekua 20:00ak arte izango da zabalik. Hain zuzen, gaur, zapatua, ipiniko dituzte bertan udal langileek hautetsontzi, mahai, bionbo, boto-paper eta beharrezko material guztiak. 

Jarraipen berezia Plaentxia.eus-en

Goizean goiz hasi eta egun guztian zehar, Plaentxia.eus-ek jarraipen berezia egingo dio hauteskunde egunari. Iluntzean, hauteslekuak itxi ostean, kontaketa bertatik bertara jarraituko du eta amaitu orduko, bistaratuko ditu herriko emaitzak hauteslekutik bertatik. Horrekin batera, Debabarreneko emaitza orokorrak eta herriz herrikoak ere ikusi ahal izango dira webgunearen portadan bertan, kontaketa ofizialaren denbora berean. 

Biharko datu guztiak aurreko hauteskundeetako datuei gehituko zaizkie webguneko HAUTESKUNDE GUNEAn. Guneak aukera eskaintzen du hauteskunde deialdi ezberdinen hitsorikoa kontsultatzeko eta alderaketak egiteko ere bai norberak aukeratutako hauteskunde deialdien artean.