Ederto bukatu dute liga benjaminek

Ubane Madera Zangitu 2024ko mai. 6a, 16:40

Marraseko txikienak handi egin ziren atzo, domeka, Araneko frontoian. Hainbat taldekideren bestelako konpromisoak tarteko, ekipoa justu-justu osatuta jokatu behar izan zuten, aldaketarik ere egin ezinda. Horrekin kikildu beharrean, barrenetik indarrak atera eta entrenatzaileen eta gurasoen bultzadak lagunduta duin baino duinago jardun zuten, Dragons taldea gogor estutuz. Primerako irudia eman zuten ligako azkeneko partidetan.

Benjamin mailakoen liga bukatuta, oso balorazio positiboa egin dute Marras Irristaketa Taldeko ordezkariek taldeko txikienek erdietsitakoaren inguruan.

“Emaitza onak” lortzetik harago, Marraseko presidente Arrate Gisasolak azpimarratu duenez, “polito” ibili dira. Are gehiago kontuan hartuta taldekideetako batzuk hasiberriak izan direla kirol diziplina horretan.

Euren artean sortu den giro onaz aparte, Gisasolak azpimarratu du esperientzia modura ere aberasgarria izan dela denboraldia Julian Fernandez entrenatzaile eta Oskar Cifuentes delegatu dituen taldearendako, “jende eta talde ” berriak ezagutzeko aukera izan eta “asko ikasi” baitute.