Yanguasek garaipena lortu du bere lehen borrokaldian

Ander Gomez 2024ko mai. 6a, 07:52

Boxeo jaialdia egin zen zapatuan Elgoibarren. Ixa Rodriguezek antolatuta, Soraboxeko hainbat ordezkari eraman zituen; hauen artean, lehen aldiz borrokatuko zuen Unai Yanguas plazentziatarra. Argazkiak: Ixa Rodriguez.

2019an egin zen lehenengo boxeo jaialdia Elgoibarren eta, pasa den zapatuan, maiatzaren 4an, II. edizioa antolatu zuen Ixa Rodriguezek.

Amateur mailako borrokak izan ziren guztiak —4 emakumezkoak, 6 gizonezkoak— eta Soraboxeko hainbat gaztek hartu zuten parte, besteak beste: Ander Lasa bergararra, Marino Pjerotic lezotarra eta Unai Yanguas plazentziatarra. Azken honek, Soraluzeko lagunez bete zuen Elgoibarko Olaizaga kiroldegia, "Egurra Unai!" zioen pankarta eta guzti.

Lehen borroka, lehen garaipena

Hiru minutuko hiru roundeko borroka zeukan Yanguasek, kasko barik. Aurkaria: Nafar Sustraiak boxeo taldeko Victor Mendieta. Mohcine El Kabouri Mouk martxoan egin bezala, aurrenekoz borrokatu zuen Yanguasek oraingoan. Ondo baino hobeto egin zuen eta, Ixaren argibideekin eta harmailetako kuadrilla erraldoiaren babesarekin, nafarraren aurka gailentzea lortu zuen.

Soraluzeko zalegoa jaialdia amaitu ostean, Elgoibarko kiroldegiko eskaileretan.

Hurrengo jaialdiak

Ekainaren 15ean izango da Ixa Rodriguezek antolatutako hurrengo boxeo jaialdia, Hernanin. Oporraldien ostean, egoitza estreinatuko du: Ermuan izango da urri aldera eta, azaroan, Bergarako hitzordua errepikatuko du. 2025erako hitzordu berriak egongo dira eta, haien artean, Soraluzekoa eta Elgoibarkoa ez direla faltako agindu du.