“Togak mendekurako tresna bihurtu” izana salatu dute apirileko azken barikuan

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 29a, 16:55

Joan den barikuan,  euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrian, hileko azken barikuro moduan. Besteak beste, salatu zuten fiskaltzak eta justizia auzitegiek behin eta berriz “ezbaian” jarri dutela “EAEko agintari eskudunek betetzen duten espetxe politika euskal presoen kalterako, espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra, gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka” egin dutela.

Barikuko elkarretaratzean salatu zutenez, “justizia oztopatzen duen jarrera horren azken adibide dira Ministerio Fiskalak hirugarrenez Joseba Borda eta Juan Karlos Subijanaren aurka jarritako helegiteak”. 

Hori horrela, “euren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek” salatu eta haien aurrean urratsak ematen jarraitzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Halaber zera ere eskatu zuten: "Espetxe politika arrunta aplikatze bidean aurrerapausoak ematen jarrai dezala eta espetxeetako batzordeek euren irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela, Fiskaltzaren eta espetxe zaintzako epailearen jarreren aurrean". 

Halaber, salbuespenezko espetxe politikak salatu eta “elkarbizitza eta konponbidearen” aldeko mezua helarazi zuten. “Konponbiderako Giltzak eskuetan hartuta jarraituko dugu, elkarbizitzara, bakera eta preso, iheslari eta deportatu guztien itzulerara eramango gaituzten ateak zabaltzen”.