Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotzarekiko dolumin-seinalea

Ubane Madera Zangitu 2024ko api. 9a, 17:30
Ikurrina xingolarekin, udaletxeko balkoian.

Atzo, apirilak 8, Jose Antonio Ardanza Garro lehendakaria hil zela-eta, ikurrina ipini dute udaletxeko balkoian, masta erdira eta xingola beltzarekin, Lehendakaritzatik ezarritako dolu-aldia jarraituz, dolumin-seinale gisa. Dolu-aldia egueneko 15:00ak arte luzatuko da.

Jose Antonio Ardanza lehendakariaren hil-kapera bihar goizean jarriko da Ajuria Enea jauregian (10:00-14:00) eta hileta-elizkizuna bihar 19:00etan Elorrioko Sortzez Garbiaren Basilikan izango da.

Arrasaten hasi zuen ibilbide politikoa Ardanzak, izan ere, 1979ko udal hauteskundeetan alkate aukeratua izan zen. 1983an alkate izateari utzi eta Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua hartu zuen, eta hortik, lehendakaritzara. Lehendakari moduan urte gehien eman dituen politikaria da Ardanza, izan ere, Eusko Jaurlaritzako buru izan zen lau legegintzalditan, 1985 eta 1999 artean.