Debabarreneko bertso eskoletako ikasleak Mendaron

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 10:37
Debabarreneko bertso eskoletako ikasleak Mendaron, tartean plazentziatarrak.

Otsaileko azken barikuan, eskualdeko bertso eskoletako gaztetxoak -Mutriku, Mendaro, Elgoibar eta Soraluzekoak- Mendaron elkartu ziren. Bariku honetan, berriz, Gelatik Plazara sariketako Debabarreneko saioa jokatuko da Soraluzeko Tolarekua aretoan, 17:30ean hasita. 

Topaketon helburu nagusia, bertsozaleak diren adin bertsuko kideak elkar ezagutzea da. Bertso sortak abestu ostean, elkar ezagutzeko jolasak eta errima jolasak egin zituzten plazan eta, jarraian merienda gozoa jan zuten "Lagun Betikoak Elkartean".

Giro freskoa zela eta, hortik aurrerakoak aterpean egin zituzten. Tripa beteta, bat-bateko ariketa eta jolasei ekin zieten. Hitz tabuetan, hitzak deskribatzeko trebetasuna erakutsi zuten, txandaka txandaka. Pertsonaia ezkutua deskubritzeko pista bila puntu erantzunetan aritu ondoren, oinak emanda istorio motz eta dibertigarriak sortzeko lanak egin zituzten. Ordubete inguruz bat-bateko ariketetan murgilduta aritu ondoren, 19:30ean, irakasleen agurrek amaiera jarri zien arte.

Hurrengo hitzordua, Gelatik Plazara

Martxoan, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatuta, Gelatik Plazara sariketa egingo dute gipuzkoako zortzi eskualdetan. 8-14 urteko gaztetxoek parte hartuko dute saio horietan. Hirukoteka parte hartuko dute eta, talde irabazleek Apirilaren 28an Aretxabaletan egingo den Gipuzkoako Bertso eskolen Egunean abesteko aukera edukiko dute. Debabarrenako saioa Soraluzen izango da, Martxoaren 15ean, 17:30ean hasita.
Sariketa eran egingo den arren, ekimenaren helburu nagusia bertsolari gaztetxoei jendaurrean kantatzeko aukera eskaintzea da. Egin beharreko ariketei dagokienez, puntu erantzunak, bi oin emanda kopla osatu, eta gaia emanda ofizioan koplaka aritu beharko dute.

Bertso Eskolen 50. urteurrena

Aurten 50 urte beteko dira modu egituratuan lehen bertso eskola martxan jarri zenetik. Aretxabaletan izan zen, Almen ikastetxean. Urteurren hori aitzakiatzat hartuta, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna egingo dute Apirilaren 28an. Egun osoko egitaraua egongo da, besteak beste, Gelatik Plazara sariketako eskualdeetako irabazleen saioa.