‘Korrotik pikutara’ hitzaldi-dantzatua 17an, zuzeneko musikarekin

Egoitz Unamuno 2024ko mar. 3a, 09:41
Korrotik pikutara saioa Elgoibarren. Argazkia: Asier Orbea (Barren).

Martxoaren 17an, domeka arratsaldean, 'Korrotik pikutara' hitzaldi-dantzatua eskainiko dute Kainoi fabrikako aterpean. Saioa irekia izango da eta Urrats dantza taldeak herriko eta inguruetako dantzazaleak gonbidatu ditu formato bereziko saioan parte hartzera.

Martxoaren 17an, 'Korrotik pikutara. Euskal dantzaren historia bat' hitzaldi-dantzatua eskainiko dute Oier Araolazak eta Gari Otamendik, Quico Pugès musikariak lagunduta.

Oier Araolaza antropologo eta dantzariak azaldu duenez, “korroan, borobilean hasi, eta dantzak nola joan diren aldatzen erakutsiko dute, soka-dantza, ingurutxo eta kontra-dantzetatik pasaz, bikote dantzetara iritsi eta azkenik norbanako bihurtu arte”. Hain zuzen, euskal dantzaren historia kontatu eta gorpuzteko saiakera da 'Korrotik pikutara' ekimena, berbak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituena.  

Domeka arratsaldean

Hitzordua Urrats dantza taldeak antolatu du, dantzazaleei “ohikoaz aparteko saioa” eskaini asmoz. Edukiaz gain, gainera, aukeratutako eguna, domeka, ordua, arratsaldeko 18:00ak eta lekua, Kainoi fabrikako aterpea bera ere, berriak dira. Dantza taldeko kideek adierazi dutenez, “proba” egin nahi dute, "bestelako eskaintza hau" herriko nahiz inguruetako herrietako dantzazaleentzat erakargarri eta gozagarri izan daitekeelakoan.