Elgoibarren egingo dute 2025eko Kilometroak jaia

Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 09:03

Elgoibarrek hartuko du datorren urtean, 2025eko urriaren 5ean, Gipuzkoako Ikastolen jaia: Kilometroak.

Urriko lehen domekan egiten dute Kilometroak jaia 1977az geroztik, eta bigarrengoz egingo dute Elgoibarren, 1996an ere ospatu baitzuten Elgoibarren. 55.000 lagun elkartu ziren euriak eta lokatzak baldintzatu zuen jaian (ikus 1996an kaleratu zen BARREN aldizkaria). "Badakigu erronka handia dela baina gure komunitatea sendotzeko eta proiektua gizartetaratzeko aukera ezin hobea dela deritzogu", adierazi dute Elgoibar Ikastolako kontseilu errektorea eta zuzendaritza osatzen duten kideek 2025eko Kilometroak antolatzeko erabakiaz.

2024ko Kilometroak Azpeitian egingo dituzte urriaren 6an. Kilometroen aurrerako prestatu duten urte guztirako egitarauak "helburu handidun" ekintza "xume" asko izango dituela nabarmendu dute Azpeitiko Ikasberri ikastolako arduradunek.