señora bertso eguna

Señorek plaza hartu dute

Egoitz Unamuno 2024ko ots. 18a, 11:41

Ospakizunetik eta gozamenetik  izan zuen atzoko Señora Bertso Egunak baina baita aldarrikapenetik ere. Goizeko bertso-poteoan, zein bazkal osteko saioan, bertsolariek umorea eta aldarria uztartu zituzten, konplizitate giroan. Beste behin, emakume bertsolariek eta orohar bertso mugimendu transfeministak bere lekua hartu zuen bertsolaritzaren plazan. Amaia Agirre: "(...)Nahiz ta urrun ibili plaza handitatik, erdia eraikitzen da periferiatik". Miren Artetxe: " (...) Hau oasi txiki bat da bertsolaritzan, hedatzen dena baso tropikalen gisan". Ikus eguneko argazkiak eta bertso-jardunaren laburpena bideoan. Laster, bertsoaldirik onenak Bertsoa.eus atarian eta Hitzetik Hortzeran. Argazkiak: Leire Ginea. 

Dozenaka bertsolari eta bertsozale transfeminista batu ziren atzo Soraluzen, lehenengo Señora Bertso Egunean. Goizeko bertso-poteoaren ostean, ehun lagunek baino gehiagok bazkaldu zuten karpan eta entzulez beteta zela kantatu zituzten bazkal ostean bertsolariek bertso jarriak zein bapatekoak, bertsozaleen harrera beroarekin. Iluntzean, Elektropottottak lehertu zuen jai-giroa kalean eta jaiak Gaztetxean jarraitu zuen goizeko ordu txikiak arte. "Señoreoak" ekainean izango du jarraipena, atzo iragarri zutenez sariketa antolatuko dute eta, aurreko edizioetakoa baino laburragoa izango bada ere.