Presen auzia

Udalak argi berdea emango du Zuloagako eta Olako presetan esku hartzeko

Egoitz Unamuno 2023ko abe. 2a, 09:00

Eguazteneko saioan, alkateak jakinarazi zuen Udal konporazio osoak aho batez planteatzen duela “erreparorik ez” ipintzea Zuloagako eta Olako presetan esku hartzeko, ostera, Olabarrenako eta Igarateko (Malmero) presen kasuan, Udalak planteatzen du proiektu bateratua eta osatuagoa erredaktatzeko eskatzea Aldundiari eta Ura Agentziari. Alkatearen esanetan, prozesua ez da amaitu eta eskatutako proiektuak eskuartean izatean, “eztabaida berriz mahai gainean” jartzeko asmoa adierazi du. Irakurri Udalaren planteamenduaren jatorrizko testu osoa HEMEN.

Joan zen eguaztenean, presekin zer egin ezabaidatzeko prozesuaren laugarren eta azken saioa (lehen fasekoa) egin zen Antzokian, oraingoan ere parte hartzea handia izan zen, ehun herritar baino gehiago hurretatu ziren eta. Bertan, Unai Larreategi alkateak Udalak presen auziaren inguruan duen planteamendua aurkeztu zuen, azpimarratuz planteamenduak udal-korporazio osoaren oniritzia duela. 

Planteamendu zehatza aurkeztu aurretik, alkateak Udalaren ustez prozesuaren orain arteko ondorioak zein diren azaldu zuen: “Presak kaltegarriak dira ibaiarentzat”, “presek betetzen dituzten funtzio sozialak kontuan hartu behar dira”, “presek uholde arriskuan eragiten dute” eta “presen ondarea balioan jartzeko modu ezberdinak daude”. Hain zuzen, lau ondorio edo premisa horiek oinarri hartuta osatu du Udalak presa bakoitzaren inguruko balorazioa eta planteamendua, azpimarra berezia eginez presek ibaiarengan duten eragin kaltegarrian.  

Olabarrenan eta Igaraten proiektu zehatzagoen zain

Olabarrenako eta Igarateko presen kasuan, Udalak ez du argi berderik eman haietan eskuhartzeko. Olabarrenako presari dagokionez, Udalak ondorioztatu du bertako iruditeriak ez daukala Igarate-Malmerokoak duenaren adinako “erreferentzialtasunik” baina, hala ere, esku artean “bi aktuazio ezberdin” dituela kontuan hartuta, batetik, “Ura Agentziak planteatzen duena” eta, bestetik, “Gipuzkoako Foru Aldundiak Merlinen bitartez planteatzen duena”, bi erakundeoi eskatu die “proiektu bateratu bat” aurkez dezatela. Igarate-Malmeroko presaren kasuan, berriz, Udalaren ustez, bertakoa “erreferentziazko iruditeria” da eta ikusita aktuazioek eragingo dituzten aldaketen inguruan “ziurgabetasuna” dela nagusi, Udalak ez du uste “baldintzarik dagoenik planteamenduei bide emateko”. Hargatik, erakundeak gonbidatu ditu beste proiektu bat egitera, zeinak kontuan izango dituen “soraluzetarren iritziak, ondarea eta ibaiaren bukaerako irudia”. Eta Igarateko presaren kasuan gaineratu du “proiektua esku artean izatean”, berriz jarriko duela “mahai gainean eztabaida”.

Argi berdea Olean eta Zuloagan  

Olako presaren kasuan, Udalak bide irekita laga du bertan eskuhartzeko, izan ere, Udalaren esanetan, Plan Orokorrean “ibai parke bat egiteko moduko lekutzat” izendatuta dagoen arren, plana onartu eta gerora, Udalak egokiago iritzi zion parkea Liñazibarren ezartzeari eta ondorioz, orain “inork presan aktuatu nahiko balu” Udalak ez lioke “erreparorik ipiniko”. Bide beretik, Zuloagako presaren inguruan, Udalak adierazi du ez lukeela “erreparorik ipiniko”. Bi kasuetan, aukera aipatu du bi eraikinok bete zuten funtzioa azalduko luketen panelak ezartzeko.

Gehiengoaren oniritzia

Saioaren azken atalean, Antzokian batutako herritarrak taldeka banatu zituzten eta eskatu zieten presa bakoitzaren inguruan hautatuko luketen aukeraren berri emateko. Horretarako hiru aukera eskaini zizkieten: "Ez nuke ukituko, Udalarekin ados eta Ukituko nuke". Azken zenbaketaren arabera, iritzien %70a Udalaren planteamenduaren aldekoa izan zen, %17ak presak bere horretan lagatzearen alde egin zuen eta %12ak, berriz, presetan berehala esku hartzearen alde. Ondorioz, Udalaren planteamenduak saioan parte hartu zuten herritarren gehiengoaren oniritzia jaso ostean, datozen egunetan Udalak planteamendua erabaki bihurtzeko pausoak emango ditu eta erakundeei helaraziko die egindako planteamenduaren berri, euren erantzuna jasotzeko. Gainerakoan, prozesuari dagokionez, alkateak adierazi zuen Udala "oso gustura" dagoela prozesuak eman duenarekin eta eskerrak eman zizkien bertan parte hartu duten herritar eta hizlari guztiei.