Aratusteak eta San Blas eguna Mesedeetako egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2023ko ots. 24a, 11:58

Mesedeetako egoiliarrek ere ospatu dituzte pasa berri diren Aratusteak. Herrian jarritako Lanbideak gaiarekin bat eginez, egoitzako bizilagunek eurek izandako lanbideetan oinarritutako mozorroak jantzi zituzten, lanbideetako erreminta eta guzti. Bestalde, San Blas eguna ere ospatu zuten, egoitzan bertan opilak eginez. Argazkiak: Mesedeetako egoitza.

Aratuste-martitzenean mozorrotu ziren egoitzako bizilagunak. Etxetik ekarritakoarekin, erizain-laguntzaileek lortutako materialarekin, “eta irudimenarekin” ondu zituzten mozorroak. Norberak izandako lanbidea irudikatu zuten, erreminta eta guzti. 

“Batzuk euren artean berba egiten ibili ziren egiten zuten lanei buruz, beste batzuk, berriz, erremintak hartu eta igartzen zitzaien eurendako ohikoak zirela tresna haiek”, kontatu du Aitor Barrutia egoitzako dinamizatzaileak.  

'Atxuriko iturria' nahi

Mozorroa aldarrikapenerako baliatu zuenik ere izan zen. Ignacio Pintadok lepotik zintzilikatu zuen salaketa-eskaria: “Atxuri kalean daukagu parke ederra, Atxuri izenarekin, eta iturria, ur onarekin; baina plaka ipini zuten Errekaldeko iturria izenarekin, 1960 urtearekin. Eta izena aldatzea ondo egongo litzateke, Atxuri izenarengatik”. 

Aratuste-martitzena borobiltzeko, torradak jan zituzten elkarrekin. 

Bestalde, San Blas eguna ere ospatu zuten Mesedeetako egoitzan. Kasu horretan, Eguneko Zentroko boluntario batek emandako errezeta baliatuta, opil gozo askoak egin zituzten.