Lehen puntuak etxean

Ubane Madera Zangitu 2022ko ira. 25a, 09:01

Atzo, zapatua, Sorako Erregional mailako taldeak 2022-2023ko ligako lehen partida irabazi egin zuen. 2 -1 egin zuten Zumaiakoren kontra nahiz eta azkeneko minutuetan partida aldapan gora jarri eta nahikoa sufritu. Hori bai, pase eta jokaldi ederrak ere ondu zituzten eta garrantzitsuena, ligako lehen hiru puntuak etxekoek poltsikoratu zituzten.

Atzo, partida hasi eta lehenengo minutuetan Zumaiako taldeak eragin zuen Sorak baino presio handiagoa zelaian. Baina etxekoak lasai ikusten ziren, ondo aurre egin zioten presioari eta baloia zutenean ondo mugitzen zuten hura zelaian. 

Halaxe, 9. minutuan iritsi zen Soraren lehen gola. Jon Agirregomezkorta Txatok buruz errematatu zuen, baloiari altura handia eman zion eta Zumaiakoren atezaina aurreregi harrapatu zuen. Golak ematen duen indarrarekin egin zuen aurrera partidak eta 26. minutuan bigarren gola sartu zuen Beñat Goenagak. Sora 2-0 irabazten zihoala, bestelako apartekorik gabe ailegatu zen atsedenaldia.

Area defendatu behar

Baina, atsedenaldiaren ondoren, Zumaiakoko mutilak indartsu zelairatu ziren. Sora bere area defendatzen ibili behar izan zen behin eta berriro eta hantxe, arean sartuta zeudela, Aitor Estevezek baloia eskuarekin ukitu zuela adierazi zuen epaileak, Soraren kontrako penaltia seinalatuz. 

Zumaiakok penaltia gauzatzeak indarra eman zien haiei eta baloiaren jabe egin ziren bigarren zatiko ia minutu guztietan. Luze egin ziren azken minutuak etxekoendako; gainera, epaileak 5 minutu inguruz luzatu zuen norgehiagoka. Kontuak kontu, azkenean, 95. minutuan, partidaren amaiera seinalatu eta garaipenarekin joan ziren aldageletara Sorako mutilak.