Errugbia

Zapatuan, errugbi topaketa, futbol zelaian

Erredakzioa 2021ko urr. 20a, 15:25

Bi ume errugbia praktikatzen. Argazkia: Athlon.

Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, zapatu honetan ekingo diete berriro ere eskola kirolaren baitako asteburuetako jardunaldiei. Egingo duten lehena errugbi topaketa izango da. Lau berrikuntza izango dira. 

Zapatuan, goiz osoan izango da errugbi topaketa Ezoziko Futbol Zelaian. LH5.eta 6. mailakoen txanda izango da 09:30etik 11:00ak bitartean. Ondoren, 11:00etatik 12:30ak bitartean, LH3 eta LH4koen txanda izango da. 

Aurten, Arrasateko Athlon elkartea arduratuko da Soraluzeko eskola kirolaren kudeaketaz. Besteak beste, lau berrikuntza ezarri dituzte:

Batetik, aurten ez da jokatuko beste herri batzuetako ikasleen kontrako partidarik. Horren partez, lantzen ari diren kirolarekin lotutako topaketak egingo dituzte asteburuetan.

Izotz pistara

Bestetik, asteburuetako jardunaldi horiek herrian bertan izango dira. Berritasun hori Atxolin guraso elkarteak eskatuta egingo dute.

Hirugarrenik, aurten, LH1eko eta 2ko ikasleek ere badute aukera eskola kirolean ibiltzeko. 

Azkenik, asteburuetako jardunaldi horietako hainbat borondatezkoak izango dira eta horien artean hainbat irteera egingo dituzte. Adibidez, abenduan, LH3-6koekin izotz pistara joateko asmoa dute. Txikienekin, berriz, jolas topaketak egingo dituzte.

Borondatezko jardueren kasuan, aparteko izen-ematea bideratuko dute eta jarduera aparte ordaindu beharko da (ordaindu beharreko kasuetan).

Bestalde, jarduera, jardunaldi eta eskola kirolari buruzko informazio guztia soraluzetarrekin partekatzeko web orria sortu dute, hemen klikatuta ikusgai.