Oreka Art Gallery

Juan Ayestaren margolanak ikusgai arte galerian

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 8a, 09:30

Juan Ayesta Oreka Art galerian, erakusketaren inaugurazioan. Argazkiak: Nerea Isasti.

Joan zen barikutik, ikusgai dago Juan Ayestaren obra Oreka Art galerian. Artista beasaindarraren margolanak uztaila osoan zehar ikusi ahalko dira, egunero, 19:00etatik 20:00etara bitartean.

Ayestak hiru zatitan bereizi du erakusketa, galeriaren ezaugarrietara egokituz. Lehenik, eskaparatean, bere lan egiteko modua definitzen duten lanak ezarri ditu, “gastro pinturak” deitu die berak; “terminologia gastronomikoa erabilita, plater txikian aurkeztutako goi sukaldaritzako jakiak izango lirateke”. Margolan bakoitzak azalpen labur bat du berekin eta tematikoki erlazionatuta daude guztiak.

Apetitua zabaltzeko balio duten “pintxoen” ostean dator erakusketaren bigarren atala, galeriaren barruko partean kokatua dagoena. Bertan, azken bi-hiru urteetan sortutako hainbat margolan ikus daitezke, ehundura ezberdinetakoak. Hirugarren atalean, berriz, alkitrana erabiliz pintatutako margolan berezi batzuk ezarri ditu.  

Artistaz inguratuta

Erakusketa joan zen barikuan inauguratu zuen Juan Ayestak berak, eta aipagarria da lehen egun horretan Alberto Ramírez galeriaren arduradunaz gain, beste hainbat margolari ere izan zituela ondoan, tartean, sona handiko zenbait ere bai; esaterako: Juan Manuel Arruabarrena, Vicente Iriondo, Bingen de Pedro eta Ricardo Azkargorta.