Orain arteko neurriei eutsiko die LABIak

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 7a, 12:41

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburua gaur, eguaztena, prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia.

Gaur, eguaztena, LABIren Aholku Batzordeak onartu duen dekretuaren arabera, “aurreko dekretuko neurrien blokeari” eutsi egingo zaio. Bestela esanda, COVID-19 koronabirusaren kutsatze datuek gora egin duten arren, ez dituzte neurriak gogortuko. Ospitaleetako eta ZIU oheen okupazioa bere horretan mantentzen ari dela-eta erabaki dute orain arteko neurriei eustea. Dekretua bihar, uztailaren 8an sartuko da indarrean.

Dekretu berriak honako edukiak jasoko ditu: 

  • Aurreko dekretuko neurrien blokeari eustea. Hau da, neurri murriztaileen arintzea gelditu egingo da oraingoz, eta egungo goranzko bilakaera egonkortu eta jaitsi arte.
  • Indarrean dauden neurriez gain, "botiloi" edo “ez-jaiak” edo pertsonen pilaketa ekar lezaketen antzeko beste ekitaldi batzuk egitea debekatzen da. Debeku hori aplikatuko da metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia eta aplikatu beharreko gainerako prebentzio-neurriak errespetatzen ez dituzten topaketa horietan, bai barrukoetan eta baita kanpokoetan ere.
  • Horrez gain, egungo joerak jarraituz gero edo ospitale-presioa areagotuz gero, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko muga-ordutegia aurreratzea eta beste neurri osagarri batzuk hartuko dira kontuan.

LABIren Aholku Batzordearen ondoren egindako prentsaurrekoan eman du dekretu horren berri Iñigo Urkullu lehendakariak. Halaber, Bizi Berri IV. Plana ere aurkeztu du Lehendakariak, urrira arte indarrean egongo dena. Hiru maila eta horien araberako neurriak aurreikusten ditu plan horrek:

  • 1. maila (Transmisio baxua): Metatutako intzidentzia-tasa 0-60 kasu artekoa izango litzateke 100.000 biztanleko, eta ZIUetako okupazioaren 1. agertokia .
    Jarduerak eta establezimenduak 01:00etatik 03:00ak bitartean itxi beharko dira, eta, besteak beste, itxita dauden jardueren irekiera baloratuko litzateke.
  • 2. maila (Transmisio ertaina): Intzidentzia-tasa metatua 60-150 kasu artekoa 100.000 biztanleko, eta ZIUetako okupazioaren agertokia 1. eta 2. maila bitartekoa. 
    Establezimenduak 00:00etatik 02:00etara itxi beharko lituzteke.
  • 3. maila (Transmisio tentsionatua): Metatutako intzidentzia-tasa 150-300 artekoa 100.000 biztanleko, eta ZIUetako okupazioko 2. agertokia
    Establezimenduak 22:00etatik 01:00ak bitartean itxi beharko lituzkete eta pertsona taldeak biltzen dituzten jarduerak itxiko egingo lirateke.