Domekan taularatuko dute Zintzilik, herrian sortutako musika ikuskizuna

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 6a, 11:30

Nagore, Domentx eta Quico ikuskizunean darabiltzaten musika instrumentuekin.

Gaztelupeko Hotsak-ek bultzatuta, musika eskolako hiru irakaslek (Domentx Uzinek, Nagore Sanzek eta Quico Puges-ek) Zintzilik musika ikuskizuna sortu dute “jazzaren hizkuntza adin guztietako publikoari helarazteko” helburuz.

Lehen emanaldia domekan honetan izango da, arratsaldeko 18:00etan, Antzokian. Sarrerak salgai daude Iratxon.

Kontrabaxua, bateria, saxofoia… eta lau musikari oholtzan: Domentx Uzin, Nagore Sanz eta Quico Puges, Soraluzeko musika eskolako irakasleak, eta Irati Bilbao, kanpoko fitxajea. Lau musikariok, Gaztelupeko Hotsak disketxeak eskatuta, ezohiko musika ikuskizuna sortu dute: Zintzilik.

Quico Puges sortzaile eta zuzendariaren esanetan, musika, eta zehazkiago jazza da Zintzilik ikuskizunaren ardatza, eta aldi berean, “ohiko kontzertuetatik aldentzen den formatua” darabilte, aldarrikatzen duena musika garatu ahal izatea bere testuinguru eta maila guztietan, jolasaren, konplizitatearen eta publikoarekiko hurbiltasunaren bitartez”.

Familientzako musika ikuskizuna da Zintzilik eta helburu nagusia da "jazzaren hizkuntza adin guztietako publikoari helaraztea, Euskal Herri osoan eta handik kanpo ere bai". 

Domekarako sarrerak

Domekakoa izango da Zintzilik ikuskizunaren lehen emanaldia eta sarrerak salgai daude Iratxo goxodendan, 5 euroko prezioan. Horrekin batera, Plaentxia.eus-ek 3 sarrera bikoitz zozkatuko ditu HEMEN.