Ganadu suharren inguruko arbasoen ondare historiko-kulturalari buruzko dokumentala, bihar

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 8a, 18:35
'Suharra' dokumentalaren argazkietako bat.

Bihar, Suharra, gure arbasoen ondarea ikus-entzunezkoa proiektatuko da herri antzokian. Suharra dokumentalak galtzeko zorian dauden Euskal Herriko behi-arrazen inguruan hitz egiten du eta ganaduez gain, galtzeko zorian dagoen baserriko bizitzari buruz. 18:30ean da proiekzioa. 

Suharra, gure arbasoen ondarea ikus-entzunezkoan "bertako natura eta kulturaren parte den baina, galtzeko zorian dagoen baserriko bizitza berreskuratzea beharrezkoa den momentu honetan, inoiz azaldu gabeko bertako ganadu suharren historia kontatzen da”.

Egileek esplikatutakoaren arabera, “ganadu suharren inguruko arbasoen ondare historiko-kulturala gorde eta ondorengo belaunaldiei eskaintzea ezinbestekoa” iruditzen zitzaien. “Lan hau gizarteratzeak gaur egungo ganadu suharren eta naturarekin sostengarria den eta bioaniztasuna mantentzen duen baserriaren biziraupena ziurtatzen laguntzen du, hots, etorkizunera begiratzen duen historia kontatzen du”.

Ganadutegi ugariren partaidetza

Dokumentala sortzeko, hainbat ganadutegirekin izan dira harremanetan. Adibidez, parte hartu dute Euskal Larrabehi Elkarteko kide diren Arno, Bergarako Zezenak, Berrosueta, Ibiri, Leizarra, Lopene, Manzarbeitia, Marques de Saka, Ruso, Zelai Luze, El Jarillo eta Albizu ganadutegiek. 

Iñaki Agirrezabalak zuzendu du dokumentala, Jokin Urangaren eta Ekain Alviteren ideiatik abiatuta. Euskal Larrabehi eta Zezenzale elkarteek ekoiztu dute.