Soraluze Futbol-taldeak 40 urte bete ditu, eta ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko ditu maiatzean. Maiatzaren 8tik ikusgai dago kiroldegian, klubaren lau hamarkadetako historiari errepasoa egiten dion argazki-erakusketa. Hilaren 20ra bitartean izango da zabalik.
Hala ere, maiatzaren 13an, datorren zapatuan, egingo dira ospakizun nagusiak. Goizeko 11:30ean Soraluze-Eibar beteranoen arteko partidua jokatuko dute Ezozin, eta, atsedenaldian, klubaren sortzaile eta istoriako lehen taldeko jokalari izan zirenak omenduko dituzte. Ondoren, arratsaldeko 15:00etan, zuzendaritzako kideek eta jokalari ohiek lagun arteko bazkaria egingo dute Batzokian.
Egitaraua ixteko, maiatzaren 18an, arratsaldeko 18:30ean, Aurora Cidek, Eibar taldeko dietistak, hitzaldia eskainiko du Antzokian.
Zapatuan, Sorako jokalari mitikoak zelairatuko dira
Kirol talde bakoitzak ditu bere garaiko jokalari mitikoak, eta Soraluze futbol taldeak ere baditu bereak. Horietako batzuk zelaira aterako dira zapatuan; belaunaldi ezberdinetako jokalariak, klubaren ibilbidean arrastoa laga dutenak. Honakoak dira zuzendaritzak Eibarren kontrako partidua jokatzeko deitu dituen jokalariak: Unamuno, Izagirre, David, Joseba Garcia, Azko, Muneta, Jurgi, Jokin Ruiz, Maikel, Gorka Varela, Joseba Gallastegi, Ina, Julio, Julian, Oskar, Iraultz, Ekhiotz, Sudupe, Aranzeta, Roberto, Marko, Aranda eta Ballesteros. Euretako asko herritik kanpora bizi dira gaur egun, baina gustora onartu dute berriz Ezoziko berdegunera ateratzea.