Zapatuan, Sorako jokalari mitikoak zelairatuko dira klubaren 40. urteurreneko partidua jokatzera

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 10a, 09:00

Zapatu goizean, Ezozin, aspaldi Sorako kamiseta jantzi barik dauden jokalari asko aterako dira berriz zelaira, Soraluzek eta Eibar taldearen aurka jokatuko duen beteranoen partidua jokatzera. Ekitaldi nagusia izango da, klubak berrogeigarren urteurrena ospatzeko antolatu duen egitarauaren barruan. 

Soraluze Futbol-taldeak 40 urte bete ditu, eta ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko ditu maiatzean. Maiatzaren 8tik  ikusgai dago kiroldegian, klubaren lau hamarkadetako historiari errepasoa egiten dion argazki-erakusketa. Hilaren 20ra bitartean izango da zabalik. 

Hala ere, maiatzaren 13an, datorren zapatuan, egingo dira ospakizun nagusiak. Goizeko 11:30ean Soraluze-Eibar beteranoen arteko partidua jokatuko dute Ezozin, eta, atsedenaldian, klubaren sortzaile eta istoriako lehen taldeko jokalari izan zirenak omenduko dituzte. Ondoren, arratsaldeko 15:00etan, zuzendaritzako kideek eta jokalari ohiek lagun arteko bazkaria egingo dute Batzokian.  

Egitaraua ixteko, maiatzaren 18an, arratsaldeko 18:30ean, Aurora Cidek, Eibar taldeko dietistak, hitzaldia eskainiko du Antzokian. 

Zapatuan, Sorako jokalari mitikoak zelairatuko dira

Kirol talde bakoitzak ditu bere garaiko jokalari mitikoak, eta Soraluze futbol taldeak ere baditu bereak. Horietako batzuk zelaira aterako dira zapatuan; belaunaldi ezberdinetako jokalariak, klubaren ibilbidean arrastoa laga dutenak. Honakoak dira zuzendaritzak Eibarren kontrako partidua jokatzeko deitu dituen jokalariak: Unamuno, Izagirre, David, Joseba Garcia, Azko, Muneta, Jurgi, Jokin Ruiz, Maikel, Gorka Varela, Joseba Gallastegi, Ina, Julio, Julian, Oskar, Iraultz, Ekhiotz, Sudupe, Aranzeta, Roberto, Marko, Aranda eta Ballesteros. Euretako asko herritik kanpora bizi dira gaur egun, baina gustora onartu dute berriz Ezoziko berdegunera ateratzea.