Makrobiotika ikastaroa Gaztetxean, elikadura osasuntsuaren bidean

Gaizka Azkarate 2017ko api. 10a, 10:16
Olaia Blanco.

Hogeita hamar lagunetik gora batu dira martxoan Gaztetxean egin duten makrobiotika ikastaroan. Lau saiotan zehar, elikagaiak era osasungarrian prestatzen ikasi dute.

Makrobiotikoaren ikastaroa. Ekimen horrek afari beganoa antolatzen du hileko azken barixakuetan, Gaztetxean. Isun bat ordaintzeko helburuarekin hasi ziren orain dela XXX urte, baina, ondoren, herritarren  artean zuen harrera ona ikusita, jarraitzea erabaki zuten.

Antolatzaileen esanetan, ez da kasualitatea makrobiotika ikastaroan horrenbeste lagunek izena eman izana: "Gizartea konturatzen ari da gaur egungo elikadura motak ez duela osasuna bermatzen, eta hori da afari beganoaren eta  ikastaroaren arrakastaren arrazoia, jendeak elikadura osasuntsua prestatzen ikasi nahi du".

Ikastaroa praktikoa izatea zen helburua. Hori dela-eta, ikastaroaren lau saioetan sukaldean jardun dute. Egun bakoitzean elikagai edo jatordu bat prestatu dute: zerealak, lekaleak, barazkiak eta gosariak. Olaiaren esanetan elikagai horiek dira osasuntsuenak: “Modu osasuntsuan jateko, elikaduraren oinarriak landare jatorrikoa izan behar du. Askotan, produktuok oso ondo ezagutzen ditugula uste arren, eurak dira ezezagunenak".

Luze bizitzeko filosofia

Olaiak azaldu digunez, makrobiotikak ekialdeko filosofian du jatorria, besteak beste, Tahoismoan. Kontzeptua Japonen sortu zuten eta George Osawha japoniarra izan zen Europara ekarri zuena.

"Makrok esan nahi du handi, eta biotikak bizitza; ondorioz, makrobiotikaren definizioa da: bizitza luzerako bidea". Bizitzeko filosofia horren ardatza elikadura zaintzea da: “Ezinbestekoa da jakitea gure gorputzak zer behar dituen eta elikagai bakoitzak norberari zelan eragiten dion".

Makrobiotikaren gakoetako bat norbere gorputza ezagutzeko denbora hartzea da: "Gorputzari entzun eta gure beharrak zeintzuk diren identifikatzen ikasiko dugu, eta, horrela, behar horiek asetzeko behar ditugun elikagaiak aukeratzen jakingo dugu. Helburua zoriontsu bizitzea da, osasuna zainduz eta naturarekin bat egiten ikasiz". Horretarako, garrantzitsua ei da nork bere buruaren kontzientzia izatea: "Kontzientziak gidatzen du elikadura, burua, pentsatzen duguna, esaten duguna, egiten duguna, eta, oro har, bizitzeko modua".