"Historia egin dugu Urbat waterpolo taldearekin" Garazi Catalan eta Ezozi Akizu

G.Azkarate 2017ko mar. 23a, 08:48

Garazi Catalan eta Ezozi Akizu

Ezozi Akizuk (2003) eta Garazi Catalanek (1999) Euskal Herriko waterpolo kopa irabazi zuten urtarrilean Eibarko Urbat 3H taldearekin. Lehen urtea du taldeak nagusien txapelketan eta historia egin dute Eibarko taldearekin.

Ezozik 10 urte zituela probatu zuen lehenengoz waterpoloa Soraluzen. Anaiak animatu zuen probatzera eta, gaur egun, igerileku barruan kanpoan baino denbora gehiago pasatzen du. “Deskonektatzeko formula onena da eta eguneroko bizimoduan kontzentrazio-maila altua lortzen lagundu dit”. Garazi, berriz, lagun batek bultzatuta iritsi zen waterpolora eta bertako giroak eta lagunarteak txunditu zuen: helburuak lortzeko azkeneraino borrokatzen eta eguneroko bizimoduan erabaki azkarrak hartzeko gaitasuna lantzen erakutsi dit

Waterpoloa kirol-disziplina berezia

Uretan praktikatzea da kirol-disziplina hau ezberdin egiten duena. Jokaldi bakoitzak hogeitamar segunduko iraupena du eta erreakzionatzeko denbora gutxi dago. Ezozik aipatu digu kirol fisikoa eta exigentzia-maila altukoa dela, baina bakoitzaren mailara egokitzen dela.

Igeriketan maila altua ezinbesteko baldintza da, baina Garazik esan digu maila hori entrenamenduek ematen dutela: “erakusten dizuten lehen mugimendua bizikleta da, hankak erabilita ur gainean mantentzeko”.

Euskal Herriko kopako txapeldunak

Eibarko Urbat waterpolo-taldearen historiara pasa dira, taldeak nagusien mailan parte hartzen duen lehenengo urtean, Euskal Herriko kopa irabazita. Txapelketan izena emateko Gasteizko nesken waterpolo-talde batekin bat egin behar izan dute, jokalari gutxi zituztelako “ezustekoa izan da kopa irabaztea, inork ez zuen espero taldea sortzeko izandako zailtasunen ostean”. Upna, Iruñeako Unibertsitateko igerilekuan jokatu zen txapelketa,  “finalera heltzea izugarria izan zen, eta, ezer galtzeko ez genuenez, dena ematera atera ginen”.

Soraluzeko bikotea ilusioz handiz dago aurten martxan jarri berri duten proiektuarekin urte luzez jarraitzeko. “Waterpoloa probatzera animatzen dugu jendea, lagunarte bikainean kirol txundigarri bat praktikatzeko aukera ederra delako”.

argazkian Ezozi Akizu atezain lanetan

Argazkian Garazi Catalan baloiarekin