Ion Aranda (1976)
Malagan bizi den plaentxiarra
Zelakoa izan zen aldaketa?
Hasiera gogorra izan zen ez nuelako inor ezagutzen. Futbolean jokatzera joaten nintzen auzoko batzuekin eta horrela egin nituen lehen lagunak. Orain, Malagako El Palo auzoan bizi naiz, arrantzaleen auzo batean, gertukoak eta atseginak dira. Duela hamar hilabete Aidan, semea, jaio zen eta oso zoriontsua naiz hemen.
Zertan lan egiten duzu Malagan?
Bi bazkideren artean Terral B&D izeneko jatetxe baten jabe gara eta bertako sukaldeko arduraduna naiz. Hondartzako lehen lerroan dago eta amerikar erako janaria prestatzen dugu. Soraluzen tornularia nintzen eta makarroiak egosteko ere zailtasunak izaten nituen. Gaur egun, inguruetako herrietatik etortzen dira gure janaria probatzera. Harro nago lortzen ari garenarekin.
Zer eramango zenuke Soraluzetik Malagara?
Familia, lagunak, gustuko tabernaren bat txikiteorako, eta mendia, Karakate.
Zeren falta somatzen duzu?
Nire amarena, arrebarena, Unai eta Maitane ilobena, 76ko kinto guztiena, lagunena… Faltan somatzen dut herriko txikiteo eder horietako bat eta Ezozi futbol-zelaira joatea, Soraren partidu bat ikustera.
Baduzu herrian gertatzen denaren berri?
Sare sozialen bitartez informatzen naiz. Azken aldian izan diren lapurretek-eta arduratzen naute, ez direlako gutxi. Kanpotik begiratuta, arazoak konponbide zaila duela dirudi.
Euskara praktikatzen duzu?
Soraluzen ez nuen euskara asko hitz egiten, baina bizitzaren paradoxak, harrigarria bada ere, hemen Azkoitiko saltzaile batekin erabiltzen dut dakidan apurra.
Bueltatzeko asmorik?
Bisitan joateko asmoa daukat; izan ere, badira lau edo bost urte ez naizela joan, baina gelditzeko ez. Hori bai, gustatuko litzaidake kintada batera joatea eta beteranoen futbol partidu bat jokatzea.