"Lehen taldearekin debutatzea izugarria izan zen" Ainara Juaristi

G.Azkarate 2017ko ots. 8a, 11:50

Ainara Juatisti

Hemezortzi urteko plaentxiarrak zortzi urte daramatza Eibar futbol-taldean jokatzen. Gaur egun, Territorial mailan aritzen da, nagusien mailan, eta pasa den denboraldian Eibarko lehen taldearekin debutatu zuen bigarren mailan.

Ainara Juaristi ( Soraluze 1998)

Zuk baserrian laguntzen baino denbora gehiago eman duzu baloiarekin... Nondik datorkizu kirolerako zaletasuna?
Txiki-txikitatik etxean  jaso dut kirolerako zaletasuna. Aita kirolaria nuen eta anaia ere bai. Horrela hasi nintzen futbolean jokatzen. Hasieran, La Sallen entrenatzera joateko deitu zidaten eta hortik Eibarko futbol eskolara joan nintzen 9 urterekin…gaur arte.
Bederatzi urterekin hasi zinen Eibar futbol-taldean jokatzen. Ez da ohikoa herritik horren gazte ateratzea. Zertan eragin dizu horrek?
Soraluzetik lau lagun joan ginen kanpora entrenatzera eta gurasoekin joaten ginen, berria izan zen. Eibarrera joateak neregan eragin handia izan du, bertan hasi eta hezi naizelako; izan ere, ordu asko ematen ditut taldekideekin, denok helburu berarekin entrenatzen gara eta horrek balore garrantzitsuak ikastera zaramatza. Niretzat ia familia dira bertako entrenatzaile zein taldekideak.
Futbolaria izanda, ezingo duzu parrandan nahi beste ibili... Asko zaintzen duzu zure burua?
Duela urte batzuk arte ez nuen nire burua asko zaintzen eta aukera nuen guztietan ateratzen nintzen parrandan. Gaur egun, aldiz, asteburuetan partidua dudanean lasai eta kontzentraturik egotea gustatzen zait, futbola serio hartzeak motibatu egiten nau. Saiatzen naiz fisikoki ondo egoten eta etorri daitekeenerako gertu egotea dut helburu.
Unibertsitateko ikasketak hasi berri dituzu aurten. Zela bateratzen dituzu futbola eta ikasketak?
Batxilergoan, ikasketak eta futbola oso gaizki uztartu nituen; izan ere, 16 urterekin futbola besterik ez nuen buruan eta ikasketei ez nien ematen eman beharreko garrantzia. Gaur egun, heziketa fisikoko ikasketak burutzen dihardut Arrasaten, eta asko gustatzen zaidanez, primeran uztartzen ditut.
Eibarko lehen taldearekin debutatu zenuen iaz.
Aurre-denboraldian igo ninduten goi-mailako taldearekin entrenatu eta lagunarteko batzuk jokatzeko. Denboraldian zehar eurekin jarraitu nuen, eta minutu asko jokatu ez arren, izugarria izan zen. Gogoan dut kopako finalera iritsi ginenekoa, tentsio handiko partidua izan zen, eta penaltietan galdu genuen Añorgaren aurka.
Zer garrantzi izan du zuretzat?  
Momentuan ez nintzen konturatu zuen garrantziaz. Denboraldia amaitu eta berriz ere nire taldera bueltatu nintzenean ohartu nintzen bizitakoaz. Aurten entenatzailea aldatu dute eta beste jokalari batzuengan jarri du konfiantza.
Hain gazte lehen taldearekin jarduteak beldurtu zaitu inoiz?
16 urterekin hasi nintzen lehen taldearekin entrenatzen eta hasieran beldurturik nengoen. Nire buruarengan konfiantza izateko, ondoan beste pertsona bat behar izaten nuen, laguntzeko, eta orduko entrenazaileak hori ez zidan eman, beraz, urte osoa eman nuen nire gaitasunean guztiz sinistu gabe. Etxean aitak laguntzen dit gehien, baina berdegunean entrenatzeileak eman behar dizu bultzada hori.
Zelako da emakumezkoen futbolaren egoera?
Eibar klubaren barruan, territorial taldea ez da asko aldatu, baina, aurten, lehen taldeak, adibidez, Ipuruan jokatzeko aukera izan du eta horrelako gauzak motibagarriak dira futbolarientzat. Bestalde, emakumezkoen futbola ari da pauso txikiak ematen eta poliki-poliki talde gehiagok jokatzen dute. Gainerakoan, aldaketak poliki doaz.
Zein dira emakumezkoen futbolaren ezaugarri erakargarrienak?
Emakume futbolariok nahi dugunagatik borrokatzen dugu, zailtasun guztiak gaindituz, hori da ezaugarri nagusia... Emakume futbolari gehienek ez dute soldatarik kobratzen eta  guztiek uztartu behar dituzte lana eta futbola. Gizonezkoetan gaztetatik hasten dira dirua irabazten futbolean jarduteagatik. Nesken futbola oso gutxi baloratzen da.
Zer iritzi duzu futbolaren bueltan sortu den burbuilaren inguruan?
Beti izan dut horrekiko iritzi negatiboa, lekuz kanpo dagoen zerbait dela iruditzen zait eta pentsatzen dut gizarteari min handia egin diola. Saiatzen naiz kasurik ez egiten.  Etxean, anaia futbolaria dut , bigarren B mailan dihardu eta soldata baten truke jokatzen du. Horrek aukera ematen dio ikasketak utzi gabe, egunerokoa bizitzeko. Emakumeen futbolean lehen mailako askok imaginatu ere ezin duten zerbait da hori.
Laburrean:
Musika-talde gustokoena? Partiduetara bidean musika martxosoa...
Amets bat? Euskal Selekzioarekin jokatzea.
Erreferentea? Nire anaia, beti izan da erreferentea niretzat.
Telesail gustokoena? Raices, esklabutzari buruzkoa.
Zerk pozten zaitu? Etxekoak ondo daudela jakiteak.
Zure ezaugarri bat? Erabakiak hartzea kostatzen zait.
Gustuko leku bat? Saturraraneko hondartza.
Futbolari erreferente bat? Irati Lazkano, 17 urterekin selekzioara iritsi zen, lan asko eginda.