“Herria txukuntzea da gure lehentasuna” Iker Aldazabal

E. Unamuno 2017ko urt. 27a, 14:05

Legegintzaldiaren erdi aldera hurreratzen ari garela eta, Iker Aldazabal (alkatea) eta Patricia Borinaga (alkateordea) elkarrizketatu ditugu. Besteak beste, legegintzaldiaren martxaz, 2017rako aurrekontuaz eta herriaren egoera sozioekonomiko larriaz galdetu diegu. Barruan, elkarrizketaren laburpena idatziz.

Zein balorazio egiten duzue orain arte egindakoaz?

I. Akordioa egin genuenean esan genuen; gu ez gara etorri ezer apurtzera. Hobetu daitezkeenak hobetu eta orain arte ondo zetorrenari bide eman diogu.

Legealdiko zein ekimen azpimarratuko zenituzkete?

I. Ekimenak baino gehiago, jarrera azpimarratuko nuke. Herritarrek udaletxera edozein zalantza edo kexa ekartzen dutenean, ahalegintzen gara ahalik eta bizkorren erantzuten. Nik uste, herritarrek eskertzen dutela hurbiltasun hori.

P. Iker egun guztian, eta ni astelehenetan, udaletxean egoten gara, eta ateak zabalik daude.

Muralak ezabatzeak eztabaida piztu du.

I. Edozein herritarrek baimena eskatu dezake eta eskaera horiei bide ematen zaie. Ez duguna ondo ikusten da, norberak pentsatu eta egitea. Udal gobernu honen lehenengo lana herria txukuntzea izan da, ikuspegi orokor batetik, ez bakarrik muralak.

P. Ez da burugogorkeriagatik. Zubiko zebrabidea margotzen jardun nuen nik, eta egia da zenbait pareta hobeto daudela margotuta, baina, etorri, eskaera egin, eta berba egingo dugu.

Alkarrekinekin aurrera egin arren, parte hartzea jeitsi egin da.

I. Prozesu hauetan pasatzen den moduan, hasieran indar handiagoa izaten du eta gero poliki poliki beherantz egiten du. Pena bat da, baina gure asmoa prozesuarekin jarraitzea da. Udal gobernu honek Alkarrekinen zehaztutako proiektuak hartu ditu legealdiko plangintza moduan.

Zelakoa da oposizioko alderdiarekiko harremana?

P. Egunerokoan, ona da. Dena mahaigaineratzen da batzordeetan eta plenoetan, baina plenoetan ez da galderarik egiten eta gero kalean ez dakit zer pasatzen den.

I. Plenoetan gai gehienak aho batez onartzen dira. Zein izan da aho batez onartu ez den gaia? 2017Ko aurrekontuak. Neretako estrategia politiko bat da. Ez genuen entzun aurrekontuetan jasotzen den proiektu bakar baten kontrako hitzik.

EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztu dizkizue, tartean elkarlanerakoa.

I. EH BIlduk ez du elkarlana planteatu, gai batzuk koordinatzeko eskaintza egin du. Guk ez dugu hori ikusten. Legealdi hasieran planteatu zitzaien udal gobernuan sartzea eta ezezkoa eman ziguten.

P. Alkatearen soldata murriztea proposatu dute, baina gainerako egitasmoetan ez dute planteatu diruak nondik atera.

Zein ezaugarri nagusi ditu aurrekontuak?

I. Oinarrizko egitura eta dirulaguntzak mantendu dira, eta, aurten, inbertsioetarako margena handiagoa da. 140.000 eurotako mailegua eskatu dugu, zorpetze-maila igo gabe.

P. Joan zen urtean ez zen mailegurik eskatu baina aurreko hiru urteetan ere eskatu zen.

Zein dira proiektu nagusiak?

I. Gabolatsen espaloiak eta Kalongen eskailerak kentzea, umeen parkeak berritzea, mendigainari bultzada ematea, hezkuntzan teknikaria kontratu eta akzioterako baliabideak bideratzea...

P. Ludoteka eta Gaztelekuaren modeloa aldatuko dugu. Ludotekaren egoitza berritu eta kiroldegi gaina egokituko ditugu. Herrian ez dago gauza asko ume eta gazteentzako, eta, behintzat, dagoena izan dadila ona.