Parte hartzea jeitsi den arren, Alkarrekinen proiektuak aurrera doaz

E. Unamuno 2016ko aza. 29a, 17:38

Alkarrekinen hirugarren batzarra egin zen zapatu goizean antzokian. Bertan, lan taldeek urtean zehar egin dutenaren berri eman zuten, datorren urterako dituzten asmoak adieraztearekin batera. Parte hartzea aurreko urteetan baino txikiagoa izan zen. 

Alkarrekinen hirugarren batzarraren sarrerako berbak Iker Aldazabal alkateak egin zituen. Batzarrean aurkeztuko ziren bost proiektuak aipatu zituen eta parte hartzean izandako jeitsiera onartzearekin batera, urtean zehar Udalak beste hainbat ekimen ere abiatu zituela gogorarazi zuen (Alkarrirekin batera bultzatutako Gurpilen egitasmoa eta Hirigintza Plan Orokorra aipatu zituen adibide moduan. Ostean, proiektuetako arduradunei eman zien hitza eta hauek euren jardueraren berri eman zuten:

- Herri Identitatea. Ana Maiztegi, Juan Carlos Astiazaran eta Jabier Garmendia taldekideek Sorapediak urtebetean egin duen ibilbidearen berri eman zuten. Sorapedia.eus gordailuan 500 informazio sarrera baino gehiago jaso direla nabarmendu zuten: liburu zaharrak, mapak, abestiak, biografiak… Etorkizunean herriko eragileekin lankidetzan lan egiteko asmoa adierazi zuten, eta herritarrei berau erabili eta elikatzen aktiboki parte hartzeko gonbitea egin zieten.

- Hezkuntza proiektua. Xabi Luke teknikariak eman zuen hasieran proposatutako 9 proiektuetatik lehentasunez lantzeko  aukeratu diren hiru proiektuen berri: Sorapediarekin batera herriaren historia lantzeko unitate didaktikoak prestatzea, herriko jolasgune eta parkeak umeen ikuspuntutik berpentsatzeko egitasmoa eta herriko eragileen beharretara egokitutako formazio saioak eskaintzeko aukera.

- Ludoteka eta Gaztelekua. Patricia Borinagak, gaixorik zegoela eta, batzarrera etorri ezina adierazi eta gero, Mikel Leundak hartu zuen hitza. Mikelek Ludoteka eta Gaztetelekuaren proiektua berritzeko Urtxintxarekin batera egindako hausnarketa prozesuaren berri eman zuen eta etorkizunean egin asmo diren aldaketak aipatu zituen: ordutegi aldaketa, azpiegiturak hobetzea…. Datozen hilabeteetan Udalak zerbitzuak esleitzeko deialdia egingo zuela adierazi zuen.

- Ibaiak eta mendiak. Aitziber Debegesako teknikariak eta Joxean Iñurrietak eman zuten lan taldean egiten dihardutenaren berri. Dolmenen ibilbidearen inguruan, Gizaburuako tumuloaren indusketa eta beronen inguruan antolatutako bisita eta tailerrak azpimarratu zituzten. Sagarrerrekako potzura oinezkoendako bidea egokitzeko egitasmoari dagokionez, bideragarritasun azterketa egin ostean, bi aukera aztertzen dihardutela aipatu zuten: bata,lehengo bide zaharrari dagokiona, eta bestea, Galvanizados Arrate lantegiaren ondotik egingo litzatekeena. Ibaiaren memoriari dagokionez, berriz, hainbat herritarren testigantzak jaso dituztela eta laster horiek jasotzen dituen bideoa aurkeztuko dutela adierazi zuten.

- Kirol taldea. Maria kirol teknikariak eman zuen lan talde honetan egin dutenaren berri. Maiatzean egindako kirol egunaren balorazioa egin zuen, piraguek izan duten harrera ona nabarmenduz. Datorren urtera begira, kirol eguna antolatzeko asmoa adierazi zuen.

Batzarraren amaieran, alkateak eskerrak eman zizkiei lan taldeetan parte hartzen duten herritar eta teknikariei, eta udal gobernuak etorkizunean Alkarrekin bultzatzen jarraitzeko konpromisua duela adierazi zuen.