Uzin eta Azkarateren bideoa Gaztezuloren lehiaketan

Erredakzioa 2016ko aza. 21a, 16:50

Ekaitz Uzin eta Gaizka Azkarate plaentxiarrek "Arrainopola" film laburra aurkeztu dute Gaztezulok antolatzen duen VII. bideo lehiaketara. Ikuslearen saria irabazteko botoak emateko epea azaroaren 28ra bitartean dago zabalik.

Gaztezulok urtero antolatzen duen bideo lehiaketak VII. edizioa du aurtengoa. Charles Chaplinen "the kid" filma oinarritzat hartuta gutxienez 1 eta gehienez 3 minutuko  ikus-entzunezkoak sortu dituzte parte-hartzaileek. Ekaitz Uzin eta Gaizka Azkarate plaentxiarrek "Arrainopola" izeneko laburra aurkeztu dute. Bertan bi pertsonaren harteko tirabirak ikus daitezke.

Azaroaren 10etik aurrera epaimahakideak ikus-entzunezkoak aztertzen dihardute; Aitor Abaroa zinema kritikaria, Maialen Goño ZINEZ.eus ataleko arduraduna eta Koldo Almandoz kazetari eta zinemagilea. Bideo onenak 1200 euroko saria izango du eta bigarrenak 300 eurokoa. Horrez gain bideo bozkatuenak ikuslearen saria jasoko du ( Gaztezulo materialez osatutako opari sorta) eta azaroaren 28a bitartean dago zabalik bozkatzeko epea.

Informazio gehiago gaztezulo.eus web atarian.