[Bideo erreportajea] Juan Jose Cruz taxi-gidaria

G.Azkarate 2016ko ira. 27a, 11:19

1990. urteaz geroztik herriko taxi-gidari bakarra izan da. 26 urtean asko aldatu ei da taxi-gidari lana baina oraindik ere maite du gidatzea. 66 udaberriren ostean, taxi-lizentzia salgai jarri du, familiagatik eta, batez ere, mokorreko ebakuntza baten ondorioz hartu du erabakia.

Juan Jose Cruz Aranda (Zaragoza, 1950)

Zela hasi zinen taxi-gidari?

1990. urtean udaletxeak lan-deialdi publikoa egin zuen, ordura arte Teo Ruiz zen herriko taxista. Nik izena eman nuen eta onartua izan nintzen. Jarraian B2 eta ondoren BTP lizentziak eskuratu nituen. Gaur egun, nahikoa da gida-baimen arrunta eta taxi lizentzia izatea.

Zela lortzen da taxi-lizentzia?

Normalena lizentziak gidari batetik bestera pasatzea da, hau da, taxi-gidari batek erretiroa hartzen duenean, interesdun bati saltzen dio. Herriaren arabera adosten da prezioa. Bergaran, esaterako, 200.000 euro ingurutan dago orain.

Zer dela-eta erabaki duzu lagatzea?

66 urte ditut eta familiak erretiroa hartzeko ordua dela esaten dit. Horrez gain, mokorreko ebakuntza baten zain nago eta ezingo dut lanik egin denbora batez. Bi arrazoi nagusi horiek aintzat hartuta lagako dut baina, egia esan, posible balitz bizitza osoa emango nuke taxi-gidari modura.

Zelakoa da taxista lana Soraluzen?

Herri guztiarentzat egin dut lana eta ez dut inoiz arazorik izan. Bezero-mota ugari egoten dira: autobusak ihes egin diona, larrialdi bat suertatu zaiona,  eta, batez ere, lantegiekin egin dut lan asko.

Ordutegia?

Lanik ez dudanean lantegietako ordutegiarekin egoten naiz Zubi Nagusian, goizez eta arratsaldez. Lana izanez gero, berriz, ez dago ordutegirik, beti nago zerbitzua emateko gertu. Mugikorra almohada azpian dudala egiten dut lo. Horixe da herri-mailako taxi-gidariaren errealitatea. Zerbitzutik kanpora nagoenean, beste taxi-gidari batengana bideratzen ditut bezeroak.

Zer gustatzen zaizu gehien?

Gidatzea maite dut eta jendearekin bidaiatzearen erosotasuna ere bai. Bakarrik bidaiatu behar dudanean, berriz, irratia izaten dut bide-lagun.

Azken 25 urteetan zertan aldatu da taxista lana?

Garaiarekin aldatzen da taxi-gidariaren egunerokoa. Gaur egungo krisiak eragin handia izan du, beste sektoreetan moduan. Kontuan hartu behar da taxi-zerbitzua ez dela ezinbestean beharrezko zerbitzu bat, jatea izan daitekeen moduan, hortaz, nabaritu da beherakada, baina hemen gaude garai onetan eta txarretan.

Pasadizoa:

Gogoan dut orain dela urte asko gizon bat sartu zela taxian eta gazteleraz berba egiteko zuen moduagatik, pentsatu nuen baserritarra izango zela. Galdetu zidan inguru hauetan gazteak non dibertitzen ziren eta nik orduan aipatu nizkion inguruetako taberna, diskoteka, klub eta antzeko leku guztiak, denen berri eman nion. Handik egun batzuetara jakin nuen gizon hura herriko abade berria zela. (kar-kar-kar)

Laburrak:

Egindako bidai luzeena? 2100Kmkoa.

Gorroto duzu? Auto barruan botaka egitea.

Zenbat kotxe izan dituzu? Bost.

Guztira zenbat km egin dituzu? Milioi eta erditik gora.