Hezkuntzara bideratutako 9 proiektu, plan bakarra

E. Unamuno 2016ko mai. 5a, 17:25

Martitzenean aurkeztu zuten bere baitan bederatzi proiektu jasotzen dituen Hezkuntza Plana, besteak beste: eskolara oinez joatea, behar bereziak dituzten umeei laguntza eskaintzea, herria ezagutarazteko unitate didaktikoak prestatzea… Plana, 2016an hasi eta 2020ra bitartean garatzea aurrekusten da. 

Herriko hainbat hezkuntza eragilek Alkarrekin Soraluze prozesuaren baitan hasitako gogoetaren emaitza da herenegun antzokian aurkeztu zuten plan estrategikoa. Hiart Arluziaga izan da azken sei hilabeteotan Urtxintxa aisialdi taldearen aholkularitzaren bitartez plana erredaktatzeko ardura izan duen pertsona eta berak eman zuen planean jasota dauden  bederatzi proiektuen berri. Ondorengoak dira:

- Eskola bidea. Eskolara modu autonomoan eta oinez joateko egitasmoa.

- Zelan hezi, holan hazi. Hezkuntzako eragileek ezartzen duten metodologiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko egitasmoa.

- Eskola herritarra. Urte osoan zehar formazioa eskaintzea hezitzaile, guraso, irakasle eta ikasleei.

- Eskutik eskura. Behar bereziak dituzten ikasleei eskolaz kanpo laguntza emateko egitasmoa.

- Aukeran danok. Zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrek eskola araututik kanpoko ekimenetan parte hartu dezaten, dirulaguntzak ematea.

- Jolasarekin hezkuntza plazara. Lau urtean behin hezkuntza eragileak kalera ateratzea jolasa ardatz hartuta.

- Soraluze bizi, Soraluze izan. Herriaren historia eta ondarea jasotzen dituzten unitate didaktikoak.

- Sormen tailerra. Jarduera librean aritzeko espazioa, hainbat arte disziplina kontaktuan jarriko dituena.

- Haurren herriari ekin. Jolasgune eta parke ereduen gaineko hausnarketa eta eraldaketa.

Aurten bi 

Herriaren inguruko ezagutza zabaltzea helburu duen “Soraluzen bizi, Soraluze izan” eta jolas-parkeetan egin beharreko egokitzapenak aztertuko dituen “Haurren herriari ekin” egitasmoak dira aurten garatu asmo dituzten proiektuak. Herri identitatea taldearekin lehenengoa eta Kukumixo eta Ludotekarekin bigarrena.

Kudeaketarako proposamena

Plana garatu eta kudeatzeko egiturari dagokionez, gaur egunean sortuta dauden batzordeak mantentzea proposatu dute: hezkuntza mahaiak planari jarraipen orokorra egingo lioke; hezkuntza batzordea hilabetez hilabeteko jarraipenaz arduratuko litzateke eta koordinazio batzordeak eguneroko jarduna koordinatuko luke. Horrekin batera, plana erredaktatu duten eragileek beharrezkotzat jo dute plana garatu ahal izateko dinamizatzaile lanak egingo lituzkeen pertsona baten dedikazioa. Udalari hezkuntza teknikari baten postua sortzeko eskaria egin diote. 

Erlazionatuak