SORAPEDIA.EUS: Soraluzeko entziklopedia digitala

Egoitz Unamuno 2016ko mar. 2a, 09:41

Soraluzeren inguruko informazio digitala jaso, sailkatu eta erraz kontsultatzeko moduan aurkeztea da Sorapedia.eus webgunearen helburua. 

Wikipediaren - mundu mailako interneteko entziklopedia digitalaren- aldaera autonomoa  osatzea erabaki dute, herri mailakoa: “webgune independentea izateak informazioa jasotzeko arau zabalagoak izateko aukera emango digu, baina gureak ere tresna komunitarioa izateko bokazioa du, eta, zela ez, osagarria izango da wikipediarekin”.

Herri-identitateaaren taldea

Sorapedia sortzearen ideia iaz sortu zen, Alkarrekin prozesuaren barruan eratu zen Herri-identitatea taldearen barruan. Talde horretan Soraluze eta soraluzetarren identitatearen inguruan interesa duten hainbat herritar batu dira, historiazaletasuna dutenak denak, eta eurak dira hilabeteotan proiektua garatzeko lanean dihardutenak.

Webgunea martxan  

Dagoeneko webgunea martxan dago eta  hainbat dokumentu jaso dituzte:

- Liburuak (21): Zirikadak eta Eztenkadak, Colon Vizcaino

- Mapak (26): XVII. Mendetik hasita Soraluzeren aipamena egiten duten mapak.

- Aipamenak (32): Soraluzeren aipamena egiten duten frantsesezko, espainierazko eta italierazko argitalpen zaharrak.

- Ikusentzunezkoak: Erregetxeko eraikinaren errekreazio birtuala jasotzen duen bideoa eta Indalecio Ojangurenen argazki zaharrak, esaterako.

- Baserriak (95): herriko baserri guztien informazioa fitxetan jasotzen dihardute. 

Herritar talde zabala behar

Beste dokumentu asko ere ikusgai daude baina Sorapediak atal asko ditu: geografia, historia, pertsona ezagunak, kultura, turismoa… eta material asko dago oraindik jasotzeko dago. Horretarako, ezinbestekoa da Sorapedia elikatuko duen herritar-talde zabala batzea proiektuaren inguruan eta talde eragilekoek etorkizunean horretantxe ahalegintzeko asmoa dute , hain zuzen ere: “proiektuaren berri eman eta ahalegina egingo dugu ahalik eta jende gehienak egitasmoan parte har dezan”.

Sorapedia.eus-en ekarpenak egiteko aukera badago dagoeneko. Informazioa zela jaso erakusten duen jarraibide-orria eskuragarri dago webgunean bertan. Sorapediak hainbat hizkuntzatan informazioa jasotzeko aukera eskainiko du eta euskara izango da lehentasunezko hizkuntza.