Eskola-jazarpena eta beronen testuingurua zein diren ulertzeko gakoak ematen ahalegindu zen atzo Isabel Gonzalez psikologoa. Menderatzaile eta menderatuak diren umeen perfilak aztertu zituen eta gurasoek seme-alaben izaeran duten eragina azpimarratu zuen. Gurasoak interpelatu zituen tarteka: "zuok zuon artean edo kanpoko pertsonekin harremantzeko duzuen moduak eragiten die. Lagun asko dituzue ala bakarrik ibili zaleago zarete? Seme-alabekin harremantzeko duzuen moduari dagokionez, zela konpontzen dituzue gaztazkak, berba eginez ala zaplasteko batekin? nahi duten guztia ematen diezue? jartzen diezue mugarik?".
Menderatzaile rola hartzen duten umeen portaera aldatzeko enpatiaren bidea lantzea proposatu zuen, zigorrenaren aldean eraginkorra delakoan. "Ume horiek egiten duten kalteaz kontziente egin behar ditugu eta horretarako beste pertsonekiko enpatia landu behar da, ulertaraziz zela sentiarazten dituzten menderatutako umeak". Azken hauek, sarritan, berezitasunen bat duten umeak izan ohi direla azaldu zuen: "argiagoak, sentikorragoak, ezberdintasun fisikoren bat dutenak etab.". Haur hezkuntzatik bertatik prebentzioa lantzearen beharraz ere ohartarazi zuen.
Isabel Gonzalez Acha psikologoak formazioa eskaini izan die lehenago Plaentxi herri-ikastetxeko irakasleei eskola jazarpenaren eta beste hainbat gairen inguruan. Irakasleek gomendatuta gonbidatu dute orain Guraso eskolen barruan antolatu den formazio saioak eskaintzera. Atzokoa lehen saioa izan zen eta azaroaren 3an eskainiko du bigarrena. Bi saiook gazteleraz eskainiko ditu.
Guraso eskolak orain dela hiru urte jarri ziren martxan, gurasoen artean formazioa eta gogoeta beharra somatu eta hezkuntza mahaiak urtean zehar formazio saioak antolatzea erabaki zuen.