Aurtengo jaiak antolatzeko bilera irekia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko mar. 5a, 11:18

Udaleko Jai Batzordeak bilera irekia deitu du datorren eguenerako, martxoak 7, aurtengo jaiak antolatzeko.

Urtero, sasoi honetan egiten duen moduan, Udaleko Jai Batzordeak aurtengo jaiak antolatzeko bilera irekira deitu ditu herritarrak zein herriko eragileak. Batzarrak jaiak modu partehartzailean antolatzea du xede, eta horretarako, iazko jaien balorazioa eta bertan aurreikusitako erronkak hartuko dira abiapuntu gisa.

2023ko jaien balorazioa

Iazko jaien balorazio saioak helduekin zein haur eta nerabeekin landu ziren: urriko balorazio batzarretan helduekin landu zen gaia; abenduan, berriz, haur eta nerabeen kontseiluak aitzakia hartuta soraluzetar gazteenen iritzia batu zuen udalak. Hauexek dira bildutako ondorio orokorrak:

  • Jai herrikoi eta orekatuak: herri ekimenez sortutako ekintzen eta kanpotik ekarritakoen arteko oreka ona izan zen.
  • Antolaketa parte-hartzaileagoa izan behar da, hainbat adin eta kolektiborekin batera antolatuz; izan ere, kultura aniztasunaren ikuspegitik hutsuneak izan ziren eta 12-16 urteko gaztetxoentzako ekintzarik ere ez zen izan.
  • Jende gutxi ibili zen jaietan: beste herri batzuetako jaiak, ohitura-aldaketa, jai luzeak...
  • Kanpotik jendea etortzeko autobus zerbitzua jartzea erabaki ona da; era berean, norentzako dira jaiak, herritarrentzako ala kanpotarrentzako? Eta jende pilaketen ondorioz gatazkak areagotu daitezke.
  • Genero-ikuspegia aintzat hartu behar da kontratazioetan eta ekintzek sustatzen duten giroan; jai-eredua eraldatu behar da emakumeen parte-hartzea bermatzeko.

Aurtengorako erronkak

2024ko jaiak antolatzerako orduan hainbat erronkari eustea nahi luke Udaleko Jai Batzordeak. Horrela, aurreko urteko jaietan balorazio positiboa izan zuen jai herrikoien eta kanpotik ekarritakoen orekarekin jarraitzen saiatuko da eta adin-tarte desberdinetarako eskaintza orekatzen ere bai.

Horretaz gain, zeharkako beste bi alderdi ere kontuan izan nahi lituzke kanpotik ekartzen diren proposamenetan zein horiek sortzen duten giroan: genero ikuspegia eta kultura aniztasuna.

Hitzordua, eguenean

Udaleko Jai Batzordeak herritarrak gonbidatu nahi ditu bilera irekian parte hartu eta haien ekarpenak egitera datorren eguenean, martxoak 7, arratsaldeko 18:30ean Kalebarren 8n. Bilerara etorri aurretik 2023ko balorazioetatik ateratako ondorio eta proposamenak laburrean batzen dituen dokumentua irakurtzea komeni da, hori izango baita aurtengo jaiak antolatzeko abiapuntua: sakatu hemen.

Norbaitek etortzerik izango ez balu, proposamenak helarazteko aukera izango luke ondorengo formularioa beteta: sakatu hemen.