Estaziñoko parkearen birmoldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2017ko api. 12a, 07:44

Estaziñoko parkea zaharberritzeko helburuarekin, haurren eta gurasoen parte-hartzean oinarritutako prozesua eramango dute aurrera Soraluzeko Udalak eta Kukumixo Aisialdi Taldeak, Herriko Hezkuntza Proiektuaren barruan.

Apirila iristearekin batera, Aste Santuko oporrak amaitu ostean, Udalak eta herriko hezkuntza arloko hainbat eragilek bultzatzen duten Herriko Hezkuntza Proiektuan jasotako egitasmo berri bat jarriko da martxan, "Jolasan Estaziñua" izenekoa.

ZER DA?

Modu parte hartzailean Estaziñoko parkea berritzea helburu moduan duen prozesua da.

NORK?

Haurrak izango dira prozesu honetako protagonista; baina zaintzaile, guraso, irakasle...edonork har dezake parte.

ZERGATIK?

Herriko jolas parkeak berritzen hasteko, eta, bereziki, espazio horien eraikuntzan eta diseinuan haurren hitza eta iritzia kontuan hartzea beharrezkoa delako.

NOIZ?

Apirilean hasi eta urrian bukatuko den prozesua izango da.

NOLA?

Hiru fasetan banatuko den prozesua diseinatu da; apirilean, proposamen eta beharretatik hasi; ekaina, adostutako diseinu batekin bukatu; eta, udan, berriztu eta irailean inaugurazioa egitea aurreikusten da.

Haurren iritzia jasotzeko saioak egiteko Ludoteka eta Gaztelekua bezalako udal zerbitzuak erabiliko dira, baita kalean egingo diren saio irekiak ere egiteko apustua egin da.

Helduek ere izango dute prozesuan parte hartzeko aukera horretarako prestatutako saioetan. Hasteko, hurrengo maiatzaren 2rako hitzaldia antolatu da. Txusma Azkona etorriko da jolas parkeen inguruko hainbat esperientzia elkarbanatzera eta eztabaidarako eta proiektuari ekarpenak egiteko aukera ere egongo da.

Edozein zalantza edo ekarpen egiteko posta elektroniko helbide bat sortu da: