Urteroko hitzordua dute bihar, osteguna, Plaentxi Herri Ikastetxeko ikasleek bertsoarekin. Arratsaldeko 5:30ean ikasturte amaierako bertso jaialdia eskainiko dute antzokian, "Gu ere bertsotan" proiektuaren barruan urtean zehar ikasi dutena oholtzan erakusteko.
"Gu ere bertsotan" proiektua, ikastetxeetan, ikas orduetan bertsolaritza lantzeko proiektua da.
Euskal Herri mailan garatzen den proiektua da, 4., 5. eta 6.mailako 20.532 haur eta gaztetxok lantzen dute dute bertsolaritza ikastetxeetan. Soraluzen 4. eta 5. mailetan lantzen da, guztira 4 ikasgelatan.
Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntza (Oiartzun: Lanku S.L, 2008) lanean biltzen da eta bertan jasotzen ditu bertsolaritzaren ikastetxetako lanketak haurren garapenari begira dituen helburuak, hauei loturiko edukiak, metodologia zein ebaluazio irizpideak. “Gu ere bertsotan” proiektuaz, hala, bertsolaritza ikuspegi globalizatzaile batetik planteatuta, 4 arlo lantzen dira: Hizkuntza, Kultura, Musika (ahotsa) eta Trebetasun Pertsonalak eta Sozialak.