Gaurko errotak, garai bateko igerak

Heldu zaizkigun agiri zaharren arabera, soraluzetarrek igera eta igerea esaten zieten aintzinako errotei.

Igareta (Malmero), Igerea zaarraga (Arkaitz), Igarate, Aurteingo igerea (Errotabarri)… denak XV eta XVI. mendeko izenak dira, errota zaharrak izendatzeko erabiliak.

Hurrengo mendeetan desagertu ziren, izen berriek ordezkatuta. Igarate izan da gaur arte iraun duen bakarra.

Bitxikeri moduan aipatu behar da igera izena Soraluzen galduta badago ere, Iparraldean gordetzen dela, "eihera" formarekin.

Ertaroan Malmero errotari Igereta eta Igareta esaten zitzaion (Yguereta eta Ygareta idatziz; gaur egungo baliokidea Erroteta izango zen). XVII. mendetik aurrera Baltegietako errota, Malmero errota… hainbat izen hartu izan ditu.

XVI. mende hasieran Igerea zaarraga (Yguerea çaarraga idatziz) izeneko errota aipatzen da, gerora Arkaitz baserria bihurtu zena. Orduan zaharra bazen, segururena jatorria XV edo XIV. mendean izango zuen.

Sagar-errekara etorrita, Igarate izena, inoz Igerate ere (Ygarate eta Yguerate idatziz), gaur arte heldu den bakarra izan da, ia aldatu barik.

Oso bestelakoa da Aurteingo igerea (Aurteingo Yguerea idatziz) izenaren kasua. "Tarteko errota" esan nahi zuen, Igarate eta Barrena artean zegoelako. Aurtengo bolua ere esaten zitzaion, eta laboreak apurtzeko erabiltzen zen. Baina gero armagintzan aritu zen, eta bertara sartzeko Sagar-errekaren gainean harrizko zubia eraiki zuten; hortik izen berriak, Arzubiaga eta Alzubiaga (Arçubiaga izatziz). Azkenik, XIX. mendean berriro ogi-errota moduan erabiltzen hasi zirenean izena ere egokitu zioten: Errotabarri.

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.