BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (V): Kurutzebakar eta Naasiko Goena

Uztailaren 5ean Kurutzebakar eta Naasiko Goena miatu zituzten. Ez zuten aztarna handirik topatu. Baina Kurutzebakarrean, harri multzoen azpian, harkaitzean egindako zulo oboidea aurkitu zuten, gorpuak sartzeko edo izan zitekeena. Zulo hauek Elosua-Plazentzia mendilerroko beste trikuharritan ere agertu ziren.

Langileek kontatu zietenez, XX. mendeko lehen urteetan baserritar batek altxorra topatu omen zuen Naasiko Goena dolmenean… baina ez zen egia izango, handik gutxira Ameriketara emigratu zen eta!

1921eko uztailaren 5a.

Kûtzebakar

Kokapena

Kurutzebakarrera (gurutze bakartia) igo gara. Irukurutzetatik 200 bat metrora dagoen tontorra da. Bere izena, zalantzarik gabe, bertan dagoen burdinazko gurutzeaz koroatutako harrizko mugarriari zor dio.

Mugarri horretatik urrats gutxira trikuharri baten hondakinak daude, dena pagadi trinkoz eta garoz inguratuta eta estalia, ekialdeko ipar-ekialdetik ateratako 5. argazkian ikus daitekeen bezala.

Tamaina, osaketa eta indusketa

Tumuluaren egungo neurriak honako hauek dira: 14 m-ko diametroa eta 1,34 m-ko altuera erdialdean. Osatzen duten harri guztiak txikiak eta formagabeak dira. Trikuharriaren lauzak, noizbait egon baziren, orain ez daude. Tumuluaren erdian zulo bat dago, lehenago arakatu diren mota honetako beste monumentu batzuetan bezala. Beti bezala, lubaki bat ireki dugu, baina ez dugu aztarna arkeologikorik edo gizakirik aurkitu. Tumuluaren hondoan, lur azpiko harkaitzean egindako zulo oboideoa zegoen, ardatz nagusia ekialde-mendebalde norabidean orientatua dagoelarik. Neurriz 1,52 metro luze, 0,63 zabal eta 0,42 sakon da.

Arratsaldeko ordu bata baino lehen ateratako lurra zulatu eta miatu dugu, berunezko bala esferiko bat, txinparta harri bat eta arrokazko kristalezko (gatzarri) zati txiki bat besterik ez dugu aurkitu. Trikuharria bere itzalpean hartzen duten zuhaitzen ondoan bazkaldu dugu, eta gero Naasiko Goenara jaitsi gara.

Naasiko Goena

Kokapena

Trikuharri hau Kûtzebakarretik 250 bat metrora dago, ipar-mendebaldera, Irukûtzeta eta Kûtzebakarretik Plazentziara jaisten den bidearen eskumako aldean. Bere tumulua osatzen duen harri multzoa, otez, garoz eta pagoz estalita dago. Nâsiko Goena izena, gure langileen arabera, dator lursail hori herritar batek baino gehiagok ustiatua izatetik.

Tamaina, osaketa eta indusketa

Tumuluak 9 metroko diametroa eta 1 eta erdiko altuera du erdialdean. Haren argazki bat atera dugu hegoaldetik (6. argazkia). Ez dago tamaina handiko harririk, antzinako hilobi ganberaren hondarrak direla pentsarazten duenik. Honi legokiokeen tokian zulo bat ikusten da, altxor bilatzaileren batek egindako lanaren seinale garbia, nekagarria bezain alferrikakoa egin zuenarentzat, eta guretzat oso kaltegarria. Duela hamalau urte baserritar batek trikuharria irauli zuela jakinarazi digute, eta oraindik ere ezaguna omen da urre asko atera zuela trikuharritik: handik gutxira Ameriketara joan zen, eta hori ez da zorioneko aurkikuntza haren aldeko oso seinale ona.

Indusketa egin ondoren, ez dugu aztarna arkeologikorik edo giza arrastorik aurkitu. Hegoaldetik irekitako lubakiaren argazki bat lortu dugu (7. argazkia), eta erretiratu egin gara.