Nire olinpoa

Errespetu guztiarekin eta inor mintzeko asmorik barik -batez ere, objektu esferikoak baliatuta praktikatzen diren kirolen kasuan-, ez dira gauza bera partida bat galtzeaz edo irabazteaz gain beste ezer jokoan ez duten praktikak -norbere trebeziak, teknikak, taktikak… eta akaso lesioren bat izan ezik-, edo nik "erlijio" moduan izendatzea nahiago dudan beste praktika horiek, zeinetan praktikatzen dituenak itsuki sinetsi behar duen egiten diharduen horretan, bertan, literalki bizia jokatzen duelako.

Michael Jordan, Serena Williams edo Leo Messi bezin ezaguna den jendearengatik errespetua sentitzen dut, baina errespetuaz gainera, mirespen handia sentitzen dut horren ezagunak ez diren Alison Hargreaves eta Dean Potter alpinistengatik, Axi Muniain surflariarengatik edo Shane McConkey eskiatzailearengatik. Axi da horietan bizirik dagoen bakarra.

Aitortu behar dut nire burua oso ausartzat ez dudan arren, bereziki jartzen nauten 'erlijioak' azken horiek direla. Surfa, motoziklismoa, alpinismoa, espelologia, buzeoa, muturreko eskia... bizi duten tribuak dira gehien errespetatzen ditudanak, emaitza horiek lortzeko arriskatu, benetan arriskatu, beharra dagoelako. Inork ez du surfeatzen 15 metroko olatu bat itsaso zakarrean; igotzen mendi erraldoi bat edo 1000 metroko horma babesgabe at; jeisten izotzezko eta elurrezko harresi bat, edo etzaten motor bat bustitako bihurgune batean arriskatu barik azala baino zeozer gehiago.

Ezin dugu ahaztu pertsona horiek, euren pasioa mugaraino eroaten duten horiek, dena eta gehiago eman eta hainbatetan zirrara eragiten diguten horiek, gizakiaren gaitasun fisiko eta mentalen gaineko mugen ezagutzari buruzko ekarpena ere egiten dutela; baita itsas korronteei eta sakontasunei buruzkoa ere, altuera handiei, glaziarrei edo lurrazpiko amildegien ingurukoa. Ekarpen horrek laguntzen du guri buruzko eta gure munduko leku ezezagunei buruzko ezagutza handitzen baina zalantza daukat hori ondo aprobetxatzeko gauza izango ote garen.​​​​​​​

Horregatik, argazki horiek eta aldizkari horiek begiratzen ditudanean, ez dut besterik sentitzen miresmen sakon bat baino, sentitzen baitut gure arteko alerik onenak ikusten ari naizela.