irizti artikulua

Mendiak babestu, zertarako?

Argazkia: Bittor Murguzur.

Mendian ontzen da bizitzarako behar dugun guztia: mendiak ematen dizkigu edateko ur osasuntsua eta arnasteko aire garbia; menditik abiatzen dira errekak, eta ibaira isurtzen; menditik jasotzen dugu janaria (tranpa egiten dugu: beste lurralde urrunago batzuetako mendiek ematen dutena jaten dugu gehien bat); mendian hartzen ditugu eraikinetarako harri, zur eta bestelako gaiak; menditik hartzen dugu sutarako egurra; mendiak ematen die gure ezinegonei atsedena eta pizten ditu gure alderdirik argienak; mendietan oroitzen ditugu joan zaizkigun senide eta lagun maiteak.

Mendietako tontorretan hasten da bizitzarako behar dugun guztia. Milaka urtetan mendi-gaina izan da gure aurretikoen bizilekua, aztarnek argi erakusten duten moduan. Eta krisi betean gaudelarik, mendiak eskainiko digu etorkizuna. Nork sinistu dezake mendirik gabe, bertan dauden ekosistemak eta hala moduz bizirauten duten izakirik gabe, bizi gaitezkeenik?