Soraluzeren etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Isasti 2023ko mar. 2a, 12:00

Herri handiago batetik Soraluzera bizitzera joandako bikoteen bi kasu ezagutzen ditut. Bata, Ermutik, duela 30 bat urte. Bestea, Arrasatetik, duela 20 bat urte. Bietan etxebizitza izan zen arrazoi nagusia. Soraluze aukera merkeagoa zen. Urteak pasa eta ez dira damutu. Hango jendea eta giroa goraipatzen dituzte.

Beste batzuk, aldiz, herritik joan gara, hainbat arrazoirengatik. Soraluzek bizi duen egoera – biztanle kopurua beherantz – Eibarrek ere pairatzen du. Eibartar kritiko asko dago herriarekiko: degradatutako guneak, erortzen eraikinak, lapurretak, merkataritzaren murrizketa, trenbidea estaltzeko egingo duten zentzugabekeria…

Soraluzen, zer egin daiteke erakargarriagoa izan dadin bertakoek alde egin ez eta ingurukoek bizilekutzat har dezaten? Inguru naturala badu, herritarren mugimendua eta parte-hartzea bizirik dago, ongizate, hezkuntza eta kultura zerbitzuak ontzat har ditzakegu. Bilakaera enpresarial eta komertzial zabalagoa behar du? Beste etxebizitza politika bat? Gakoa bilatu eta buelta eman behar da. Ez etorkizunik gabeko iragana, ez iraganik gabeko etorkizuna.